Uxu, Ondarroako Emakumeen Taldearen eskutitza
Gutunak Indarkeria matxistari buruzko usteak ustel 2012an Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren ikerketa baten arabera, biztanleen %82ak indarkeria matxista «oso arazo larritzat» dute. Baina ikerketa berean, nolabait, erasotzaileak justifikatu eta errua emakume erasotuei egozten zaiela islatzen da. Biztanleen %51ek uste dute alkohol eta droga kontsumoa dagoela eraso gehienen atzetik, ia %48k erasotzaileek arazo psikologikoak dituztela eta %47k erasoak estres handiko uneetan edo kontrola galtzean gertatzen direla. Erasotzaileak gaixoak (alkohol eta droga menpekotasuna, arazo psikologikoak) direla usteak euren erantzukizuna gainetik kentzeko modua da. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, 2011ko 50 epaietan ez zen alkohol eta drogen kontsumoa indarkeriaren kausa zuzena izan eta soilik bi epaietan izan zen aztoramen psikikoa zirkunstantzia aringarria. Indarkeria matxistaren oinarria emakumeon zapalkuntza da. Ikerketa berean, biztanleen %22k batzuetan emakumeek eurek eragiten dituztela erasoak uste dute, eta %28k salaketa faltsu asko dagoela. Beste delituetan ez bezala, emakumeen aurkako indarkerian biktimak errudunak direla askok uste dute. Sarritan entzun ohi diren «senarrak jotzen badu, berak onartzen duelako da… utz dezala», «berak berotu du», «probokatzea gustatzen zaio», «ganoragabeko emakumea da» eta antzerako adierazpenen bidez indarkeria matxista jasaten duten emakumeei botatzen zaie errua. Salaketa faltsuei dagokienez, horien kopurua oso baxua da. Izan ere, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren arabera, 2012an Espainian ipinitako salaketen %0,0038 faltsuak ziren (128.543 salaketatik 5 ziren faltsuak). Biktimak izan diren edo diren emakumeen %75ek ez dute salatu. Indarkeria psikologikoa da ohikoena (%78). Emakumeok fisikoa ez diren beste indarkeriak antzemateko zailtasun handiak ditugu, finagoak baitira. Adibidez, bikoteak emakumeak zer egiten duen, nola janzten den edo bere telefono mugikorra kontrolatzea askotan ez da indarkeria matxistarekin identifikatzen. Bukatzeko, gogoratu orain arte 50 emakume hil dituztela aurten, emakume izate hutsagatik.