UXUren gutuna: 'Indarkeria matxistak hiltzen gaitu'
Oinarrizko Eskubideen Europar Batasuneko Agentziak emakumeen aurkako indarkeriari buruz mundu osoan inoiz egindako ikerketa handiena iaz, martxoan, kaleratu zuen. 28 estatu kideetako 42.000 emakumeri bi orduko elkarrizketa kualitatiboak egin zizkieten. Ikerketaren ondorio nagusiak honako hauek dira:
-18 eta 74 urte arteko emakume europarren herenak indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu du; hau da, 62 milioi emakumek guztira.
-Bikotekide gisa gizonezko bat izan duten emakumeen %22k indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu dute haren partetik.
-15 urtetik gorako emakume europarren %5 (9 miloi guztira) bortxatu egin dituzte noizbait. Erasotzailea bikotekidea ez zen kasuen %10ean, gizonezko batek baino gehiagok hartu du parte bortxaketan.
-Bikotekideak erasotako emakumeen herenak baino ez du gertatutakoa salatu. Erasotzailea bikotekidea ez denean, lau biktimatik batek jarri du salaketa. Sexu erasoen biktimen %25ak lotsagatik ez du salaketarik jarri.
-Indarkeria psikologikoa pairatu duten emakumeen %43k erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia dela aitortu dute. Indarkeria psikologikoaren adibide batzuk hauexek dira: jendaurrean umiliatzea, etxetik ateratzea debekatzea, mehatxu egitea eta pornografia ikustera behartzea.
-15 urtetik gorako emakumeen %55ak sexu jazarpena jasan dute. Horien artean, %32k erasotzailea lankide bat, nagusi bat edo bezero bat izan dela esan dute.
-Emakumeen % 33k txikitan pairatu dute indarkeria fisikoa edo sexuala. Erasotzaileen %97 gizonezkoak izan dira.
Bukatzeko, aurten Estatu Espainiarrean orain arte 63 emakume hil dituzte, emakumeak izate hutsagatik. Denon ardura da emakumeen aurkako indarkeria deuseztea.
Alazne Artetxe EgaƱa. Uxu Ondarroako emakumeen taldearen izenean.