Zaborra
Munduko arazo handienetako bat sortzen dugun zaborra da. Lurraren neurriak berdinak dira gaur eta milaka urte lehenago. Baina, bitartean, biztanleak milioka gehitu dira. Gaur egun 7.000 miloi baino gehiago gara, eta datozen urteetan 10.000 milioira edo 15.000 milioira helduko garela esaten dute gai honetan adituak direnek. Zifra horiek beraiekin dakarten zabor kopurua kezkagarria da.
Garai guztietan, baita munduak 200.000 biztanle inguru zituenean ere, batzuk arduratuta agertzen ziren. Baina ez sortzen zuten zaborragatik. Beraien kezka beste zera zen: nahikoa ondasun izango ote zen hainbeste jende elikatzeko. Honelako kezkak gaur ere agertzen dira komunikabideetan, eta ez da harritzekoa. Nola ez, hainbeste biztanle izanda, eta jakinez munduko herrialde askotan gosez hiltzen ari direla. Baina zaborrak ez du inoiz inolako kezkarik sortu, ez behintzat orain arte. Eta gaur egun ere, gutxiengo batek dauka ardura hori.
Munduan zehar gehiengo batek ez dauka kezka hori, eta zaborra edozein bazterrera botatzen jarraitzen dute. Herrialde askotan ulertzekoa da beren bizibaldintzak nolakoak diren ezagututa. Baina beste egoera askotan, arduragabekeriagatik, portaera desegokiak izaten jarraitzen dute. Askorentzko erreka bazterrak dira zaborra botatzeko aukeratuenak. Jokaera horren muinean mundua mugagabea eta, nolabait, zabor guztia suntsitzeko gai dela uste dutenak daude.
Gaur egun, Euskal Herrian jabetu gara gai honetaz, baina gure jokaerak ez dira oraindik beti zuzenak. Norbanako bakoitza ohiturak aldatu beharrean gaude. Gazte, zahar eta heldu, oraindik jende askok ez dauka arazorik esku aretan traban dituen huskeriak lurrera botatzeko. Gai honetaz hitz egitean, hizlari batek gomendatzen zuen ikasleei irakatsi behar zaiela nola zaindu garbitasuna, baina ahaztu egin zitzaion gogoratzea haurrek ikusten dutena egiten dutela eta, behar bada, nagusiekin hasi beharko zela.
Dena den, arazo larriena ez da gure jolastokietan, plazetan eta kaleetan daukagun zikinkeria, enpresek sortzen dutena baizik. Euskal Herria hedaduraz txikia izanda, industria asko duen lurraldea da, eta zabor kopuru handia sortzen du. Eta zaborraren tratamenduak burukumin asko ematen dizkie agintariei. Inork ez du nahi zabortegirik bere herri ondoan.
Zer egin? Nola tratatu? Nora eraman? Honelako galdera asko daude tartean eta ez da irtenbide samurrik aurkitzen. Beste aldetik, hondakin arriskutsuak izaten dira, eta horrek zailtasunak gehitu egiten ditu.
Garbi dago gaur egun zaborrei buruz daukagun ezagutzarekin, onartu ezinak direla orain arteko jokabide batzuk, gehienak ezkutuan egiten direnak. Munduan zehar gertatzen denarekin badakigu gu ez garela okerrenak izango, baina eredu izateko ere asko falta zaigu.