Zaborra
Munduko arazo handienetako bat sortzen ditugun zaborrak dira. Lurraren neurriak berdinak dira gaur eta baita ere milaka urte lehenago. Bitartean, baina, biztanleak milioka gehitu dira. Gaur egun 7.000 milioi baino gehiago gara, eta datozen urteetan 10.000 milioira edo 15.000 milioira helduko garela esaten dute gai honetan adituak direnek. Zifra hauek beraiekin dakartzaten zabor kopuruak kezkagarriak dira.
Garai guztietan, baita munduak 200.000 biztanle inguru zituenean ere, batzuk arduratuta agertzen ziren. Baina ez sortzen zuten zaborragatik. Beraien kezka ondokoa zen: nahikoa ondasun izango ote zen hainbeste jende elikatzeko. Honelako kezkak gaur egun ere agertzen dira komunikabideetan, eta ez da harritzekoa; hainbeste biztanle izanda, munduko herrialde askotan gosez hiltzen ari dira.
Baina zaborrek ez dute inoiz inolako kezkarik sortu orain arte. Eta gaur egun ere, gutxiengo batek dauka ardura hori. Munduan zehar, gehiengo batek ez dauka kezka hori, eta zaborra edozein bazterretara botatzen jarraitzen dute. Herrialde askotan ulertzekoa da beren bizi baldintzak nolakoak diren ezagututa. Baina, beste egoera askotan, arduragagabekeriagatik, portaera desegokiak izaten jarraitzen dute.
Erreka bazterrak dira askok zaborra botatzeko aukeratzen dituzten lekuak. Lur planetaren tamaina mugagabea dela eta zabor guztia suntsitzeko gai dela uste dute horrela jokatzen dutenek. Gaur egun, Euskal Herrian jabetu gara gai honetaz, baina gure jokabideak ez dira oraindik beti zuzenak. Norbere ohiturak aldatu beharrean gagoz. Gazte, zahar eta heldu, oraindik jende askok ez dauka arazorik esku artean traban dauzkan huskeriak lurrera botatzeko.
Gai honetaz hitz egitean, hizlari batek gomendatzen zuen ikasleei irakatsi behar zaiela nola zaindu garbitasuna, baina ahaztu egin zitzaion gogoratzea haurrek ikusten dutena egiten dutela, eta, beharbada, lanketa hori nagusiekin egiten hasi beharko zela.
Dena den, arazo larriena ez da gure jolastokietan, plazetan eta kaleetan daukagun zikinkeria, enpresek sortzen dutena baizik. Euskal Herria hedaduraz txikia izanda, industria asko duen lurraldea da, eta zabor kopuru handia sortzen du. Eta horren kudeaketak burukomin handia ematen die agintariei. Inork ez baitu nahi zabortegirik bere herriaren ondoan.
Zer egin? Nola kudeatu? Nora eraman? Honelako galdera asko daude tartean, eta ez da irtenbide samurrik aurkitzen. Beste aldetik, material arriskutsuak izaten dira, eta horrek dena gehiago zailtzen du.
Garbi dago, gaur egun zaborrei buruz daukagun ezagutzarekin, onartu ezinak direla orain arteko jokabide batzuk, gehienak ezkutuan egindakoak. Munduan zehar gertatzen denarekin, badakigu gu ez garela okerrenak izango, baina eredu izateko ere asko falta zaigu.