ZAST!
Azken asteak kaos hutsa izaten ari dira nere bizitzan. Bai. Zoratzen ari naizela pentsatzen hasia naiz. Alde batetik, ilusioz beteta nago, energiaz gainezka, pentsatuz: «Bai, neska! Izugarrizko bakarrizketa, ikuskizuna daukazu esku artean Ana!» Eta hurrengo minutuan… bat-batean eskuak burura eraman eta… «ZAST! Ze txarra den! Ez du inork barre egingo! Hau desastre hutsa da! Zertan sartu naiz hontan? Baina ze nezesidade?». KATANA nere bakarrizketa ikuskizun berria da buruko min hauen erruduna.
Bizitza hortaz doa, ezta? Beldur eta ziurtasun ezari aurre egiteaz. Erronkak betetzeaz eta nolabait «ausarta» izateaz. Ausarta ez dakit, baina amets bat egi bihurtzen ari naizela esan dezaket, eta horrek bertigo handia ematen dit.
Baina normala da! Ez da batere erreza jendeari barre eragitea… Negar eragitea beti izan da eta izango da askoz errezagoa. Jendeak esaten dit: «Lasai! Zu hara atera eta egingo dezu, neska! Grazia daukazu eta!» Munduko gauza errezena izango balitz bezala animatzen naute…
Baina ze zaila den barre eragitea, eta are gehiago emakume izanda. Erronka askoz handiagoa da kasu horretan. Bai, 2024an gaude, baina oraindik ere bada emakumeok umorea egiteko gaitasunik ez daukagula pentsatzen duenik. Umorea sarri matxismoak kutsatutako txiste eta rol zaharkituez beteta dago, gehienetan, askotan… Eta gu emakumeok beti umore horren dianan. Baina umorea egiterako orduan, emakumeok beti egon gara historian zehar, bigarren plano batean, bigarren, hirugarren edota baita laugarren plano batean egotera behartu izan gaituzte.
Tristea da emakume batek oholtza baten gainean umorea egitea gaur egun oraindik erronka bat izatea. Umorea egiteko askatasuna badaukagula sinestarazi nahi digute, baina ez da egia, umorea oso araututa dago. Gizonek edonola hitz egin eta edozer esan dezakete, baina emakumeok… badakizue, «zuzenak eta finak» izan behar dugu beti, eredu izan behar gara. Ze eredu? Noren eredu? Zergatik fin? Eta zergatik ez argi hitz egin?
Ba aski da! ZAST! Nazkatu gara, eta esan beharra daukagu gu ere lehen lerroan gaudela, mikroa eskuetan eta munduari barre eragiteko prest, nahiz eta batzuentzat horretan guk lekurik ez izan.
Guzti honek aurrera gehiago egiteko griña ematen dit. Katana atera eta zast! Gauzak diren bezala esan eta kontatu! Umorea egiteko garaia dugu, bakoitzak bere erara egiteko unea, eta horretan gabiltza! Inork ez nau geldituko, inork ez gaitu geldituko! Emakume komikoak bagaude, gero eta gehiago gainera, eta gero eta indartsuago gatoz. Gure espazioa hartzen ari gara, pixkanaka. ZAST!
Eta hori da niretzat nere KATANA ikuskizunaren erronka handiena: nire ahotsarekin eta nire istorioekin jendeari erakustea emakumeok ere badakigula jendeari barre eragiten. Umorea geurea be badelako, eta badaukagulako zer esan.
Gaurtik aurrera, burua tinko altxatu, mikroa eskuan hartu eta Euskal Herriko hainbat txokotan Katana astinduko dut behar den beste. Eta ikustera bazatoz, ez zara damutuko! ZAST!