Zaurgarrien alde
Egunero hartu behar izaten ditugu erabakiak. Asko dira ezinbestean zuria edo beltza aukeratzeko momentuak, eta batzuetan grisak eztu balio. Sarritan «bai» edo «ez» bozkatu beharra dago; epel jokatzeak eztu balio, eta bustitzea oso garrantzitsua da, batez ere zaurgarria babestea jokoan baldin badago. Irmoki uste dut zapaldua defendatu behar dela, desagertzera dihoana babestu behar dela eta ikusezina bistaratu behar dela. Baina, harrigarria badirudi ere, zaurgarriaren alde jartzea ez da beti erabakirik errazena. Normalean aldamenekoa (ugazaba, lankidea, kuadrillakoa, …) ere «bai» edo «ez» esatera behartzen duzu, eta geure konfort-eremutik ateratzeko prest egon behar gara.
Egungo gizarte kapitalistan zaurgarrienaren alde tinko kokatzen bazara, sistemak indartsuaren aurka zaudela ulertzen du, eta indar guztiarekin erasotzen zaitu kanporatua izan arte. Boteretsuaren erasoa eustea lan nekeza da. Helburuak lortzeko ahulagoa zapaldu nahi duenaren erasotik babesteko nortasun handia behar da; kontzientzia asko behar da; bihotz erraldoia behar da; hainbat pribilegiori uko egiteko erabakimena behar da, eta hori guztia ezin da bakarrik egin; talde gisa era kolektiboan egin behar da. Bestela, norbera aurkitzen da erkin, zaurgarri, hauskor.
Zorionekoa naiz Euskal Herrian jaio nintzelako. Etengabe erasotua den hizkuntza eta kultura batekin hazi nintzelako. Ahulena defendatzen irakatsi zidaten arbasoak izan ditudalako. Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiteko aukera izan dudalako. Aitor Montes Lasarte Aramaioko familia medikua ezagutu nuelako. Apurka-apurka ikasten ari naiz zaurgarria identifikatzen, hauskorrarekin enpatizatzen, erkina besarkatzen. Bizitzako esparru askotan neu bainaiz indartsua, botere gunean dagoena eta kapitalista, nahiz eta askotan ez onartu, lotsagatik beharbada.
Behar duenari ematen ikasteko prozesua luzea da; gaitasun hori ez da lortzen egun batetik bestera. Bizitzaren eremu guztietan saiatu behar gara zaurgarria babesten, bai lanean eta baita kalean ere, indarrak batuta eta modu militantean. Azkenaldian hauek izan dira nire erabaki batzuk:
– Euskal Herrian Euskaraz elkarteko bazkide egin.
– Lantokian Palestinaren genozidioa gelditzeko mozioa bultzatu.
– Eraso matxisten aurkako herriko bilkuretan parte hartu.
– Aulestiko greba feministaren lantaldean parte hartu.
– Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatzeko kamiseta erosi.
– Hitzarekin kolaboratu.
– Leargi komunitate energetikoko bazkide egin eta talde eragilean aritu.
– EHBildun afiliatu eta Aulestiko Udalerako zerrendan aurkeztu.
– Aulestin zinegotzi lanetan hasi: herrian etxe bila dabilenari lagundu, Aulestiko hizkuntza minorizatuak ikusarazi (Paolari bihotzez barkamenak Maia hizkuntza ahaztu nuelako), zaintza lanetan baldintza gogorretan dabiltzan emakume etorkinen bizimodua errazten ahalegindu.
– Lekeitioko anbulategian pediatra eta ginekologoa izateko eskaria egin..l