Zer daukagu esku artean?
Ziur aski denok dakigu eskolaren asmo nagusia ikasleen garapen integrala sustatzea dela. Halere, gaur egun, ikasgeletan kasu askotan menperatze akademikoaren, pentsamendu sortzailearen eta inteligentzia emozional eta kolektiboaren arteko oreka falta sumatzen da. Izan ere, hauek dira pertsona integral baten osagai nagusiak..
Gauzak horrela, jakin badakigu zein den eskolaren funtzio nagusia baina desadostasunak nabarmenak dira hau nola lortu eztabaidatzen dugunean. Adibidez, hezkuntza mailan, artea gutxietsi egin ohi da. Batzuen ustez, arteak eskaintzen dituen jakituriek, abileziek zein gaitasunek ez dute etorkizuneko herritarren garapen integralean parte hartzen. Pertsona horien esanetan, artea edertasunarekin bakarrik dago lotuta, eta horregatik, ez da horren beharrezkoa bere presentzia eskoletan. Baina, ba al dakigu zer daukagun esku artean?
Zalantzarik gabe, argi daukat eskolan artea dela esparru, eremu edo ikasgai bereizlea. Alde batetik, ikasleek beraien esperientziatik jasotako elementuak biltzen, interpretatzen eta adierazten dituzte, eta modu honetan, ikasleek sentitzen, pentsatzen eta ikusten dutena ezagutu dezakegu irakasleok. Halaber, jarduera artistikoek inguruan daukagun guztiaren pertzepzioa areagotzen dute eta pentsamenduaren malgutasuna eragiten dute ikasleengan.
Bestetik, ikasleen irudimena eta sormena jartzen du martxan arteak. Beharrezkoa da argi uztea gaitasun aberasgarrienen artean sormena aurkitzen dela. Dakigunez, gizarteak, sormena eskatzen du. Horrela, erabaki ezberdinak hartzeko prozesuetan irudimena eta sormena gidari boteretsuak dira eta horien garapenean zerikusi nabarmena dauka arteak.
Era berean, artea sorkuntza da, sortzea, egitea baino gehiago. Sortzeko izan ginen jaioak. Ez da bakarrik eskulturak, margolanak, argazkiak, musika, dantzak edota antzerkiak sortzea, egoerak, momentuak eta hausnarketak sortzea baizik. Hori ere artea da, etengabe sortzea. Halatan, artea ez da objektuan oinarritu behar, jarduera artistikoaren ondorioan baizik, eragiten duen horretan. Horrenbestez, hausnarketak sortzen ditugunean, artea gaude sortzen baita ere. Hortaz, artea, inguratzen gaituena hobetzea da. Gu geu hobetzea, ondorioz ingurua hobetzeko. Beraz, esparru sozialetan hobeto moldatzeko ahalmena eskaintzen du, eta hori dela eta, gizartean eragin positiboa izatea.
Laburbilduz, aurretik aipatutako guztiarengatik, artea ezinbestekoa da eskoletan. Ez bakarrik artearen presentzia hutsa bermatzea, baizik eta merezi duen garrantzia eta denbora eskaintzea. Azken finean, ikasleen garapen integralerako eta gizartea hobetzeko baliabide gisa erabiltzea da gakoa, edertasunaren ikuspuntutik soilik ulertu beharrean. Aprobetxatu dezagun esku artean daukaguna, eta are gehiago gaur egun gizartean bizi dugun egoera delikatu honetan.