Zerrenda bat
Zerrendak. Nork bere egunerokoan eraikitzen dituen labirinto txikiak. Hain goaz hariaren ertzetik, ezen burua ordenatuta edukitzeak gure ezegonkortasuna orekatu dezakeela uste dugun. Dendan erosi beharrekoak, lanean egiteko falta zaizkigunak, musika talde gustukoen bilduma… denek daukate komunean egia bat: gauzen lerrokatze estetikoak parean daukaguna hobeto irudikatzen laguntzen digu; parean daukaguna izen suediar ahoskaezina duten altzari pieza arraroak lotzeko gidaliburua izanik ere. Duela zenbait egun, mugikorrean argazki zahar batzuen bilaketan murgilduta nenbilela, behinola egindako zerrenda bat aurkitu nuen (mugikorreko artxiboen biltegian ezusteko dokumentu batekin topo egitea da garbigailuko praka bateko poltsikoan paper zati tximurtua aurkitzearen aldaera berria). Letra etzanez irakur zitekeen Gernikari buruzko burutapenen zerrenda. Gure herria aztertzearen poderioz, inguruari ateratako akats edo kontu deigarriak ziren:
– Lumo gainetik Gernika ikusten da, eta gernikarrok Lumokoen gainetik gaudela uste dugu.
– La Vega poligonoa da gure Las Vegas. Dirua kasinoetan galdu ordez, autoen tailerretan xahutzen dugu.
– Merkurio iturriak izenpe hori dauka bertako ura aztertzen hasiz gero, elementu kimiko horrekin beteta legokeelako.
– 1937ko bonbardaketan zubi bat izan zen erasotu ez zuten bakarrenetakoa (Errenteriakoa), eta egun, ez da lehergailurik behar izan zubi bat (Urbietakoa) eraisteko, egur eskas eta kudeaketa txar bat besterik ez.
– Lauaxeta, biziko balitz, ez zen Merkatu Plazako kristaletan idatzita dagoen bere «Mendigoixaliarena» poema bizirik ikustean hunkituko. Kristalen bestaldean bidoi pisutsuak altxatu, eta mugimendu arraroak egiten ibiltzen diren crossfiteroekin zur eta lur geratuko zen. Dana emon biar yako matte dan askatasunari.
– Aberatsagoak ginateke turistek «where is the tree of Gernika?» galdetzen diguten bakoitzean, euro bat lortuko bagenu, turista berberek gure herriko negozioetan uzten duten diruarekin garena baino.
– San Roke, herriko santua, izurrite eta epidemien babesletzat jo izan da beti. Hala ere, ez zuen aurreikusi Gernikan guztiari atzetik «-txu» jartzearen epidemia.
– Herriko sarrerako «Bakearen Hiria» kartela guardia zibilen kuartelaren alboan dago.
– Lurgorriko auzoan babes ofizialeko etxe bat erosteko baldintza bakarra «Lurgorri Gernika berria da» etengabe errepikatzea da.
– «Lunes gerniques, kolperik pez» esaldia ez da egokia: astelehena da diferentzia askorekin Gernikan sektore guztietako jendeak lan gehien egiten duen eguna.
Denbora da ez dudala zerrendarik idazten. Orden eske daukat ganbara une oro, baina, bederen, egindakoetaz oroitzean barretxoren bat ateratzen zait oharkabean. Zerrenda oso bat merezi dugu, gure esku balego, bizitza zerrendetan sailkatuko genukeenok. Egoak ezin dira zerrendatu, ordea.