Zertarako? Zer nahi dugu lortu?
“Zertarako? Zer nahi dugu lortu?”. Ni ikaslea nintzenean, horiek izan ziren behin irakasle batek egin zizkidan galderak, eskolari buruz berbetan genbiltzan bitartean. Orain, irakasle naizen aldetik, hitz horiek nirekin daramatzat alde guztietara, tatuatuta izango banitu moduan. Eta ez eskolan bakarrik, baita hortik kanpo ere.
Honi jarraiki, begirada hori bereziki ikasleekiko aplikatu beharko genuke, Hezkuntza Sailak nahiz eskola komunitateko partaide guztiok: Zertarako doaz ikasleak eskolara? Zein da eskolara joatearen helburua? Zer nahi dugu lortu ikasleengan? Zertarako balio du hezkuntzak? Eta abar. Horrenbestez, hausnarketa horietatik abiatuta, eskola eraiki. Nire kasuan, galdera horiek hezkuntzako aspektu ezberdinetan zein egunerokotasunean aplikatu ondoren, ohartu naiz gauza asko aldatu behar ditugula, nire ustez. Eskoletan ikasleengan lortu beharreko helburuei erreparatuz gero, konturatuko gara gehienak akademikoak –horietako asko baliogabekoak- direla, eta horien arabera hartzen ditugula soilik erabakiak. Dena planteatzen dugu edukien eta ebaluazio kuantitatiboaren inguruan. Hori oso ondo adierazten dute ikasleei banatzen zaizkien boletinek. Horren erruz, umeak zenbaki hutsak izatera pasatu dira.
Bestalde, adibidez, eskolako maila jakin batzuetan jarri ohi diren helburu nagusiak zera izan dira: irakurtzea eta idaztea. Beraz, idazten zein irakurtzen dakien umeak kalifikazio altuak aterako ditu. Bestalde, idazten eta irakurtzen ez dakienak, kalifikazio baxuak izango ditu. Nahiz eta azken ume honek sormen paregabea izan aspektu ezberdinetan, istorioak asmatzeko gaitasun izugarria izan, komunikatzeko erraztasun eta trebezia harrigarriaz baliatu edota arrazakeriaren eta genero indarkeriaren kontrako jarrera aparta eta ereduzkoa erakutsi. Zenbaki hutsak eta helburu benetan penagarriak. Ostera, helburuak lortzeko baliabidetzat ulertu behar dira irakurketa zein idazketa, azken xedetzat ulertu beharrean. Hori dela eta, irakurtzea eta idaztea ez da obligazio bihurtu behar, baizik eta, plazer bezala ulertu behar da, umeak hori egitera estimulatuz.
Honekin lotuta, gizartera begiratzen badugu esaterako, hainbat arazorekin aurkitzen gara: homofobia, genero indarkeria, arrazakeria, bullying-a, pandemiaren ondorio emozionalak, etab. Aldiz, eskoletako helburuetan, esan bezala, aspektu akademikoen inguruan eraikitzen ditugu proposamen ezberdinak. Eta berdin jarraitzen dugu. Ondorioz, zergatik ez ditugu arazo sozialak tratatzen eta horiek ebaluatzen? Kaligrafia bikaina izatea al da asmo nagusia, edo, arazo sozial horien prebentzioa nahiz horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea ikasleei? Zer da benetan adierazgarria eskolan zein bizitzan?
César Bona izeneko irakasleak dioenez, “hezkuntza gizatiartu behar da”. Umeengan pentsatzen dugu baina ez dugu ume bezala pentsatzen. Beraien azalean jartzeko momentua da. Erresilientzia eta emozioen, beldurren, haserreen eta frustrazioen kudeaketa ezinbestekoa da, eta hori erakutsi digu bereziki 2020. urte honek. Alderdi hauek boletin batek ez ditu neurtzen. Horretarako, curriculuma egokitu behar da errealitatera eta ez errealitatea curriculumera.
Hortaz, behingoz, eduki eta ebaluazio horiek alde batera utzi eta umeen aurrean makurtu behar gara, beraien altueran jarriz eta begietara begiratuz hauei. Hortik abiatuta, umeei ahotsa eman eta entzun. Ziuraski zenbaki sinple batzuk baino gauza gehiago eta garrantzitsuagoak esateko dauzkatela. Gogoratu, umeak ez dira etorkizuneko nagusiak, orainaldiko pertsonak baizik. Horregatik, hau dena zertarako? Zer nahi dugu lortu eskolan zein gizartean? Gogoeta honek itzala utzi zidan, gaur egun arte. Espero dut nire ikasleek ere oroitzapen hori izatea eta beraien egunerokotasunean aplikatzea. Irakasle moduan, hori da 2021. urterako daukadan nire desira nagusienetako bat, osasun egoera hobetzeaz gain, noski. Nik, hori nahi dut lortu. Eta zuk?