Zientzia fikzioa
Hasi dugu urte berria. 2020a ez da oharkabean pasa, gauza jakina da hori. Urtero gisan hasi genuen urtea iaz, lagunekin eta familiarekin jan-edanean. Nork uste behar zuen hain «normal» hasi zen hori hain arraro, hain krudel, hain gaizki jarriko zenik. Gogoan dut martxoaren 13a, olatua bazetorrela eta lantokitik nola atera nintzen lankidearekin batera ordenagailua, telefonoa, koadernoak eta lanerako behar nituen tramankulu guztiak eskuan munduaren amaiera bailitzan. Eta neure burua topatu dut 2020aren amaieran etxekoekin (eta soilik etxe-etxekoekin) mahatsak jaten, poteo-osterik gabe; 2021a «normalagoa», «betikoagoa», «lehen bezalakoagoa» izan dadin eskatzen (bere kaka guztiekin bada ere). Baina ez dirudi berehalakoan iritxiko denik «lehengo» hori; bakunak bakuna eta ahaleginak ahalegin, munduak aldrebestuta jarraitzen du pandemiak pilatu eta pilatu.
Izan ere, argi geratu da, berriro ere, 2021 honetan COVID-19a ez dela mundu mailako pandemia bakarra. Ikusi besterik ez dago zenbat adardun birus sartu diren Ameriketako Estatu Batuetako sisteman (denak zuri-zuriak). Kapitolioa «hartu», «inguratu», «berenganatu», «bisitatu» dute 2021aren hasieran Trumpen jarraitzaileek, eta ohe hertzean eserita mugikorrari begira martxoko sentsazio apokaliptiko bera sentitu dut berriro: munduaren balantza, dena hankaz-gora egon eta nola zutitu ez jakitearen sentsazio agonikoa.
Dena den, ezin ukatu birusak birus, zaharrak berri direla gure bazterrotan: indarkeria matxista kasuen kontadoreak zerotik hasten (zeron gutxi iraun badu ere), Iberdrolaren fakturak goraka, jendea kalean hotzak hiltzen, errefuxiatu kanpamenduak gainezka, langileen prekarizazio geroz eta bortitzagoa, kapitalaren botere pilaketa… Festak eta ospakizunak kendu dizkigute 2020an, baina tragediek hor diraute.
Etorkizuna sumatzea, intuitzea, asmatzea gero eta zailagoa denean, eta munduak zientzia-fikziozko film (txar) baten gero eta itxura gehiago duenean iritsi da 2021a. Aldaketa urtea dator, eta hori geure alde aprobetxatzea besterik ez zaigu geratzen (behin eraisten eta sortzen hasita, bota ditzagun nahi ditugunak eta asma ditzagun berriak); beraz, gora kopak (!) eta prestatu bigarren zatirako (normalean, beti izaten dira eskasagoak).