ZU(R)EKIN GAUDE
Datuen arabera, bost pertsonetatik bat sexualki erasotua izan da umea edo nerabea izan denean. Sexuaren arabera aztertzen badugu datua, nesken %25az eta mutilen %14,3az hitz egiten egongo ginateke. Onartu behar dut datu hauek entzun nituenean, harritu egin nintzela. Ez nuen horren hedatua, eta, ondorioz, horren gertu gertatzen zenik pentsatzen, baina, batez ere, ez nuen horrenbeste zirenik pentsatzen.
Datu horiek burura datozkidan bakoitzean, ume horien bizitzak imajinatzen saiatzen naiz. Infernua etxera iristen direnean hasten zaien ume horiena. Ospakizun familiarrek loa kentzen dietenena. Zaindu behar dituen pertsonak bortxatzen dituen umeak. Bigarren aita bihurtu diren entrenatzaileek erasotutakoak, elizaren babespean belaunaldiz belaunaldi sistematikoki bortxatutakoak…
Gehienetan, inguruko pertsona bat izaten omen da erasotzailea, eta horrek dramaren benetako dimentsioaz jabetzera garamatza. Sekretuaren betikotzea bermatzen duen faktorea da erasotzailea konfiantzazko pertsona izatea. Ume horiek behar duten erreparaziorako prozesua hasieratik blokeatuta dago, gehienek ez baitute inoiz kontatzen gertatutakoa, eta antzemate iturriek kale egiten dute (eskolak, medikua, gizarte zerbitzuak…) baliabide nahikorik ez dutelako jartzen horretarako. Nola landu, orduan, horren beharrezko duten erreparazioa?
Nik uste dut erreparazio sozialak paper garrantzitsua jokatu dezakeela gai honetan. Guk sinisten zaittugu aldarrikatu genuen ia 3.000 pertsonak duela urtebete eskas Gernikan, eta gurea egin genuen ordura arte erasotuarena baino ez zen errelatoa, eta horrek, gertatu zitzaiona kontatzeko adorea batu zuen (emak)ume haren erreparazioan ekarpen bat suposatu zuelakoan nago. Are gehiago, egindako ariketa kolektibo hark erasotuak izan diren beste ume eta ez hain ume askoren erreparaziorako ere balio izan zuela pentsatu nahi dut.
Garaia da gai honek behar duen arreta eta zentralitatea har dezan, eta guztiok daukagu hor gure erantzukizuna, baita gure alea jartzeko aukera ere. Instituzioak interpelatu behar ditugu, behingoz planifikazio integral bati ekin diezaioten, eta bitartean, zauri guzti horiek sendatzen lagunduko duen erreparazioan urratsak ematen saiatu gaitezen. Abenduaren 14rako manifestazioa eta elkartasun kanpaina antolatu ditu Gernikako Sare Feministak, Sinisten zaittugu eta zurekin gaude lelopean, orain dela bi hamarkada ume bati egindako sexu abusuengatik urtarrilean burutuko den epaiketaren harira. Egun horretan bihurtu dezagun Gernika, berriro ere, ume guzti horien arnasgune. Behar dutelako, merezi dutelako.