8+18+10=36 kanpaina martxan ipiniko dute bigarren urtez. Isidro Garalde Bedialauneta
Mamarru herriko preso politikoaren etxeratzea aldarrikatu eta 197/2006 doktrina indargabetzeko eskatuko dute gaurtik hasita, ekimenez ekimen.
Herri ekimenak
mahai ingurua antolatu du biharko. 19:30ean egin dute hitzordua, Kafe Antzokian. Mahai inguruan berbetan saioak bost gonbidatu edukiko ditu: Ainara Garalde
Mamarruren alaba, Amaia Izko Ines del Rio preso politikoaren abokatua, Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerateko bozeramailea, Fernando Arburua Jaiki Hadi elkarteko medikua eta Miren Amuriza Herrirako kidea eta bertsolaria. Amuriza moderatzaile lanetan ariko da.
Zapatuan, hilak 20,
13:00etan, giza katea egingo da Zubi Zaharretik Alamedaraino.
Datorren astean, apirilaren 25, 26 eta 27an, itxialdia egingo da. Ein Daigun Bidik herriko talde eta eragileei euren lanaren barri emoteko erabiliko du itxialdia, ildo eta helburuen barri emoteko.
Maiatzean sartuta, kanpainaren azken txanpan,
Puerto I kartzelara (Cadiz, Espainia) martxa egingo dute. Maiatzaren 3an, barikua, izango da irteera, enkartelada ostean, Itsasaurreko autobus geltokitik. «Iaz egin genuen modura, aurten be, udal ordezkari bat kartzelako zuzendaritzagaz batzartzera joatea da gure asmoa», azaldu dute Ein Daigun bidiko kideek. Kartzelaren kanpoko aldean, barriz, aldarrikapenari egingo diote tartea, txalaparta doinuekin. Martxan parte hartu nahi dutenek Anaitasunan emon behar dute izena.
Herritar guztiei ekimenetan parte hartzeko deia egin die herri ekimeneko kideek, eta esan dute Mamarruk 197/2006 doktrina ezarrita jarraitzen duen bitartean horrelako kanpainak egiten jarraituko dutela.
Isidro Garalde Bedialauneta Mamarru 1985. urtean atxilotu zuten. Gaur egun, gaixo larrien zerrendan dago. Kardiopatia iskemikoa –SCACEST erakoa– eta prostatako hiperplasia onbera dauzka diagnostikatuta.