Ondarroako ertzain etxera eroan dute 11:00ak aldera,. eta handik kartzelara. 10:30ak aldera Ertzainek hartuta zegoen Gizaburuaga. Guardia Zibilen patrolen bat ere egon da bertan. Agenteek Iparragirreri eta haren bikoteari esan dietenez, “bilatzeko eta atzemateko” agindua jaso dute Espainiako Auzitegi Nazionaletik. “Abokatuek ez dute jakin Ibonen kontra atzemateko aginduan zegoenik. Auzitegi Nazionalera deitzen dabiltza ea zerbait argitzen dieten”, adierazi du Iparragirreren bikoteak.
Defentsa abokatuak jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Iparragirreren kontra 299 urteko kartzela zigorra berretsi ostean eman dute bera atzemateko agindua, betetzen ari den etxe kartzela zigorra ezertarako kontuan hartu barik. “Ebazpena aztertu beharko dugu, eta errekurtsoa sartu”, esan du abokatuak. Gorenaren azken ebazpen horrek, baina, ez du atzera botatzen Iparragirrek espetxe zigorra bere etxean betetzea. “Azken ebazpen hori baliogabetzeko eskatuko dugu”.
Abokatuek “astakeriatzat” jo dute Iparragirreren atxiloketa. “Kartzelara joatea erraza da, eta ateratzea gaitza”.
Iparragirre 2011 urteaz geroztik dago etxe kartzela betetzen: Espetxeetako Zaintzak zigorra etxean betetzeko baimena eman zion. Etengabe zaintzapean izateko gailu elektronikoa jarri zioten, etxetik ateratzeko debekua zuen —tratamendua jasotzeko ez bazen—, hamabost egunean behin Basauriko espetxean aurkeztu behar zuen, eta ezin zuen inolako mobilizaziotan parte hartu. Horiek guztiak onartu zituen Iparragirrek zigorra etxean bete ahal izateko, pairatzen duen gaixotasuna dela eta.