
Inhar Urruzuno Pagoaga nagusitu zen domekan Aiako probalekuan jokatu zen harri txikien Euskadiko harri jasotze txapelketan. Harrijasotzaile ondarrutarrak 11.537,5 kilo jaso zituen guztira.
Zehatz esanda, 99 altxaldi egin zituen: 31 jasoaldi 125 kiloko lauki luzeagaz, 26 jasoaldi 125 kiloko harri zilindrikoagaz, 17 jasoaldi 112,5 kiloko kubikoagaz eta 25 jasoaldi 100 kiloko harri bolagaz. Lau harriekin jasoaldi gehien lortu zituen Ondarroako harrijasotzaileak.
Harri zilindrikoagaz hasi zuen txapelketa Urruzunok, eta zozketan lehen lekuan egokitu zitzaion harriak altzatzea. Txapelketari oso hasiera ona eman zion, baina lehen harri jaso ostean, urduri jarri zela nabarmendu du ondarrutarrak. “Ez dakit presioa ala Jesus Mari txapelketara agertu ez zelako izan zen. Neuk ere ez dakit, baina lehen harria altxutu nuenez geroztik arraro xamar sentitu nintzen. Lehenengo txanda oso ona egin nuen, errez eta gustura aritu nintzen, betiko legez, ez nuen urduri jartzeko arrazoirik baina, azken harria altxatu arte urduri egon nintzen. Neuk ere ez dakit zer gertatu zitzaidan”.
Denboraldi honetan harri txikien lau titulurik garrantzitsuenak lortu ditu Inhar Urruzunok; helburuak beteta pozik dago ondarrutarra
Urruzuno pozik agertu da Euskadiko harri txikien txapelketan absolutu mailan lortutako txapelagaz. “Harrijasotzaile batentzako titulurik garrantzitsuena hauxe da. Pozik nago, aurten janzten dudan laugarren txapela da: Bizkaikoa, Euskadikoa, Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoa eta Mallabikoa lortu ditut. Harri txikietan neure buruari helburu legez ipini nizkionak lortu ditut behintzat aurten. Lau titulu horiek oso garrantzitsuak dira niretzat”.
Txapelketari dagokionez, parte hartzeko izena emanda zegoen Jesus Mari Iruretagoiena
Izeta III.a ezin izan zen txapelketan aritu, eskuineko ukondoan duen tendinitis arazo bategatik. Guztira, bost harri jasotzaile aritu ziren Aiako proban. Giro ona egon zen Aiako probalekuan.