Ondarroako Udalak jateko hondakinak ate aurrean jasotzeko aukera eskaini die herritarrei
Jasotako hondakin horiekin konposta egingo dela jakin eragin du Ondarroako Udalak. “Ongarri hori udala Larruskainen landatzen ari den baso autoktonoan erabiliko da. Lurrak emandakoa lurrari bueltatuko zaio”.
Aukera hori erabili nahi duten herritarrek izena eman beharko dute, telefonoz (94-683 36 74) edo posta elektronikoz (idazkaritza@ondarroakoudala.net) .
Bestalde, egitasmoaren inguruko informazio gehiago jakin nahi dutenek, azaroaren 24an (astelehena) Kofradia Zaharrean egingo den prentsaurrekora joateko dei egin diete.
“Hondakin organikoak egunero sortzen ditugun hondakinen erdia dira. Gaur egun, zamarretara botatzen dira hondakin organiko gehienak, eta horrek kalte ekologiko eta ekonomiko handiak ekartzen ditu”, gaineratu dute udal ordezkariek.
Halaber, egitasmo horrekin, “etxeetan material organikoa ondo banatzen bada”, ongarri hori lurrak aberasteko erabil daitekeela diote.