Yolanda Arrieta: “Bizenta Mogelek nahi zuena esateko moduak aurkitu zituen”

Yolanda Arrieta

Yolanda Arrieta idazlea.

Denbora-pasa ederra ez eze, denbora-pasa elikagarria ere izan da Arrietarentzat Bizenta Mogel Elgezabalen sasoira txangoa egin eta haren bizitza osatzea; bihar, hari buruzko tailerra emango du Uhagonen.

Urteak dira Bizenta Mogel idazlearen inguruko tailerrak antolatzen dituzula, zelan eta noiz hurreratu zinen Bizenta Mogelengana?
2012ko udazkenean, Euskal Idazleen Elkartean, Idazleakaz proiektua jarri genuen martxan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Helburua: gaur egungo idazle batek bere inguruko idazle klasiko bat hurbilaraztea eskoletara. Edorta Jimenez idazlearena izan zen ideia. Nik Bizenta Mogel Elgezabal aukeratu nuen, neu jaio nintzen herritik bi kilometro eta erdira bizi, hezi eta hazi zelako, eta 8 urterekin osaba Juan Antonio Mogeli agertu ziolako bere nahia: berak ere (latina) ikasi nahi zuela. 1790an andrazko batek nahi hori adieraztea eta ondoren burutzea ikara-
garria begitandu zitzaidan, eta, beraz, ikertu, landu eta adierazi beharrekoa.

Lehenengo euskal emakume idazlea dela diote.
Ez daukat datu zehatzik hori ziurtatzeko. Lehenengotarikoa izan zela, bai, esan dezaket; eta, aurrez pentsatuta, irakurlego berri batentzat idatzi zuen lehenengo emakumea izan zela ere bai. Zer irakurle berri? Umeak eta baserritarrak. Baina, hori, Ipui onac bere lehen lanari dagokionez. Bizenta Mogelek beste gauza asko idatzi zuen. Bertsoak eta itzulpenak, besteak beste.

Bere lan eta bizitzaren zer azpimarratuko zenuke zuk? Zerk egiten du berezi Bizenta Mogel?
Bere sasoiko kumea izanik, muga estuen pean eta moral itxi bati estuki lotuta egon arren, nahi zuena esateko, eta, neurri batean, egiteko moduak aurkitu zituen.

Zapatuan ere Bizenta Mogeli buruzko tailerra gidatuko duzu Uhagonen. Zelan landuko duzue tailerra?
Ohi dudan bezala, jendea biribilean jarriko da, erdian dauden hamaika kaxaren inguruan. Kaxak zabaldu ahala, bertako objektu eta datuen laguntzaz, apurka-apurka, Bizenta Mogel Elgezabal andrearengana hurreratuko gara, logika, emozioa eta irudimena bitarteko ditugula.

Ze harrera izan du idazleak aurretik egin dituzun tailerretan? Ezagutzen du jendeak haren lana?
Oso ona da harrera. Tailerraren bidez Bizentaren sasoira bidaiatzen dugu, eta, ondorioz, Bizenta Mogel Elgezabalaren lana ez ezik, pertsona bera, sasoiko giroa eta testuingurua ere hobeto begiztatzen ditugu. Askoren iritziz, saioaren ondoren beste «begi» batzuekin ikusten dituzte bai lana bai pertsona bera.

Tailerren ondoren etorri zen Argiaren alaba liburua, iaz. Bizenta Mogeli buruz idatzi beharra zegoela ikusten zenuen? Zein izan zen liburua idaztearen helburua?
Tailerrak egin ahala, datuak gehitzen joan nintzen, bai eta lotzen ere. Ohartu nintzen kontatu bariko esparru handi batean aurkitzen nintzela, eta esparru hori jendeagaz partekatu behar nuela. Gazteengan ere pentsatu nuen: Historia hurbilaz zenbat dakiten, zer emakume erreferentzia daukaten, nondik gatozen, zer irizten zaigun, zer irizten zaien…

Argiaren alaba fikziozko datu errealetan oinarritutako istorio bat omen da.
Iragana ura da, eta ura ezin da poltsikoan gorde, baina denboraren kontra borrokatzerik ez badago ere, gauza bat egin dezakegu: oroimenak lan ditzakegu. Pluralean diot, oroimena lantzea fikzioa delako beti, hau da, lan subjektiboa: begia non jarri hura ikusten dugu. Datuetan oinarritutako fikzioen bidez historia txikiz berrosatu, berregin eta berridatzi dezakegu kategoria finko eta bakar legez saldu diguten Historia.

Iragana eta oraina lotzen dira Bizenta Mogelen bidez. Gaur egunera begira jarrita, ze ekarpen egin dezake haren lanak?
Nondik gatozen ikusten lagun diezaguke; pertsona bat, sistema gisa, bere testuinguruetan ulertzen: testuinguru afektiboan, sozio-politikoan, ekonomikoan, linguistikoan, literarioan, familiarrean, lanekoan… Iragana eta oraina harremanetan jartzeak ikuspegia zabaltzen laguntzen digu, zer aldatu den eta zer ez, sasoi bakoitzean zer utzi den albora eta zer baloratu den, eta horrek guztiak zer ondorio dituen sasoi bakoitzeko kumeengan bai eta ondorengoengan ere.

Mogeli buruzko informazioa lortzea, bai tailerretarako zein eleberrirako, ez zen ibilbide erraza izango.
Gauzak ondo egin nahi izatea ez da, berez, erraza, dena delakoa izan esku arteko zeregina. Helburua motor bihurtzeak laguntzen du, ordea, zailtasunei aurre egiteko orduan. Nik argi neukan helburua: datu errealetan oinarritutako fikzio bat sortzea iraganeko pertsona baten inguruan. Denbora-pasa ederra ez ezik, denbora-pasa elikagarria ere izan da nire kasuan Bizenta Mogel Elgezabalen sasoira txangoa egin eta bere pertsona osatzen joatea, jaio zenetik hil arte.

Zeuk argitaratu duzu liburua, Markinako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Argitaletxeek ez zeukaten interesik?
Biri erakutsi nien: batak ez zenien zer kategoriatan sartu, Gazte Literatura bai, baina ez… Besteak DBH-4 eta Batxilerrean Historia eta Literatura, paraleloki, lantzeko baliagarri ikusten zuen, baina ez zeukan horretarako bildumarik, eta, beraz, apustu bat zen… Hirugarren bati aurkeztu ordez neure kabuz ateratzea errazagoa izango zela iritzi nion, eta halaxe egin nuen.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend