Iker Badiola lan egiten duen laborategian beharrean
Iker Badiola Etxaburu (Ondarroa, 1978), gaur egun, EHUko irakaslea eta minbiziaren epigenetikaren ikerkuntzarako
Signaling Lab laborategiko ikertzaileburua da. 2006an, esate baterako, gibeleko gaixotasunen ikerkuntzarako ISCH nazioarteko kongresuko ikertzaile gazteenaren saria irabazi zuen Japonian.
GUT edo
Oncology Reports bezalako aldizkarietan hainbat artikulu idatzi ditu ondarrutarrak.
Berba gutxitan minbizia zer den azaltzea ez da behar erraza izango. Hitzaldia zer nola egitea planteatu duzu?
Hitzaldia bi zatitan egitea pentsatua daukat. Alde batetik, minbizia zergatik sortzen den eta zertan datzan azaltzen saiatuko naiz. Pertsonari zer pasatzen zaion azalduko dut, beti ere, ikuspegi zelularretik.
Eta bigarren zatian?
Minbizia ikertzen aritzen da gure ikertzaile taldea. Zer behar egiten dugun azalduko dut era sinple batean.
Zer ikertzen duzue ba?
Hain zuzen ere, minbiziaren epigenetika ikerkuntza egiten dugu. Minbizia gaixotasun oso zabala da, eta guk bere zatietako bat ikertzen dugu.
‘Minbizia osatzen?’ deitzen da hitzaldia. Gaixotasuna zelan sendatu ahal den azalduko duzu?
Hitzaldiaren izena galdera ikurragaz jarri dugu, izan ere, hausnarketa bat egitea ez da batere behar erraza.
Minbizia zer faktorek eragiten duten ere azalduko duzu?
Egia esan, gaixotasunaren inguruan gehiago ikertzen den heinean, berau eragiten duten faktoreak gero eta gehiago direla konturatzen gara. Azken finean, gaixotasuna bera oso sinplea da: gure gorputzeko zelula batek kontrola galtzen du, eta gerokoan kontrolik gabe hazten joaten da. Akats bat duen zelula batek inguruan dituen beste zelulak bere nahira eta gogora beharrean ipintzen ditu gaixotasunak.
Gaur egun sendatzeko aukerak gero eta handiagoak dira.
Azkenaldian, diagnostikoan aurrerapauso handiak eman dira. Hala ere, terapia aldetik ez dira hainbesteko berritasun egon. Gaur ere, orain 30 bat urteko tratamendu berdinekin jarraitzen dugu.
Diagnostiko arin on bat orduan berebizikoa izango da.
Bai, oso garrantzitsua da. Minbizia hasieran harrapatzen bada, aukera gehiago gaixotasunari aurre egiteko. Diagnosi teknika berriei esker, minbiziari hasierako fasean tratamendua jartzen zaio, eta sendatzeko aukerak gehiago izaten dira.
Bizitza modernoak ba al du minbiziarekin zerikusirik?
Bai, noski. Gure bizi itxaropena luzatzen doan heinean, minbizia kasu gehiago diagnostikatzen dira. Azken urteotan,bizi itxaropena luzatzea lortu da, baina minbizia kasuak ere gehitu egin dira. Gaur egun ez gara hiltzen beste gaixotasun batzuen ondorioz. Faktore asko eduki behar ditugu kontutan. Gure bizitzako ohituretako batzuk pixka bat aldatu egin ditugu, eta ingurugiro horrek guztiak minbizia sortzea erraztu egin du. Ikerketen arabera, jendartearen hirutik batek minbizia edukiko du etorkizunean.
Bizi itxaropen handiagoaz lotura du orduan gaixotasunak.
Hitzaldian horren inguruan ere jardungo naiz. Egia esan, urteetan aurrera egin ahala, aukera gehiago dago minbizia edukitzeko. Horregaz lotuta, minbizia adinagaz lotutako gaixotasun bat dela sarri esaten da. Izan ere, adinagaz gure organismoak doitasuna galtzen du, eta zelulek ere gero eta akats gehiago izan ditzateke.