Ibon Iparragirrek otsailaren 5ean epailearen aurrean agertzeko hitzordua du
Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrak eguenean Alcala de Henaresko (Madril, Espainia) epaitegian hitzordua duela jakitera eman du Iparra Galdu Baik plataformak. “Eguenekoa ez dakigu ziur epaiketa edo eginbide bat izango den. Dakigunaren arabera, Alcala de Henaresko epaitegira eramango dute. Ez jakitearren ez dakigu ziur ze epaitegitan eta zer ordutan izango den. Erabat desinformatuta gaude. Iboni berari eta abokatuari oraindik ez diete ezerren berri eman. Eguna bera iritsi arte ez dut uste ezer argirik jakingo dugunik”, adierazi dute senideek.
Senideen ustetan, 2014 apirilean Basauriko kartzelan jasandako jipoiaren inguruan deklaratu beharko du preso ondarrutarrak. Hain zuzen ere, Basauriko espetxean zegoela bi aldiz erasotu zuten Iparragirre; apirilaren 14an eta apirilaren 20an. Senideek jakitera eman dutenez, gainera, kartzelan daramatzan hamar hilabetetan bost eraso jasan ditu Ondarroako presoak.
2014ko apirilaren 14an preso arrunt batek kafesnea aurpegira bota eta jarraian ukabilkada bat eman zion preso politiko ondarrutarrari. Ukabilkadaren ondorioz, Iparragirre lurrera erori eta buruan zauritu zen. Horrez gain, hagin bat ere dindilizka gelditu zitzaion. “Funtzionarioek eraso bat barik liskar bat izan zela diote, eta Ibon biktima barik erasotzaile bihurtu nahi dute. Argi dago funtzionarioek eurek zirikatzen dituztela preso sozialak, preso politikoen aurka oldartzeko. Gerokoan babestu egiten dituzte, prebendak onartuz, edo kasu honetan bezala, salaketa faltsuak zilegiztatuz”, salatu dute senideek.
Apirilaren 20an, ostera, kartzelako bi ziegazainek bakoitzak bi zartako eman zizkion Iparragirreri. Horren ondorioz lurrera erori zen eta ohearen aurka kolpea hartu zuen, baina ez zen zauritu.
Osasun egoera kritikoa
Ibon Iparragirreren osasunari dagokionez, bere egoera kritikoa bihurtzen ari dela salatu dute senideek. Presoaren defentsak jaitsiera nabarmena izan dute kartzelan sartu zutenez geroztik.
Momentu honetan 184ean ditu defentsak, pertsona osasuntsu batek defentsak 2.000 inguruan dituenean. “Orain dela ia urtebete atzera ere kartzelara eraman zutenean bere defentsak 450ean eta 70 kilo zituen. Momentu honetan, 60 kilo baino gutxiago ditu eta muskulu masa galdu du. Aurpegia erabat argalduta du, eta ondorioz, haginetan dituen inplanteak ere mugitzen hasi zaizkio”.