Joan den zapatuan hasi ziren markina-xemeindarrak Iderragako auzo konpostagune berria erabiltzen. Udal ordezkariak eta materia organikoaren aparteko bilketa egin nahi duten herritarrak batzarra egin zuten bertan gunean. “Beste 45 lagunek eman dute izena bilketan parte hartzeko, eta funtzionamendua zein den azaldu genien”, jakitera eman du Aitor Odiaga ingurumen batzordeburuak.
27 familik erabiliko dute Iderragako konpostagunea. Batzuk udaletxe osteko gunean ari ziren parte hartzen, baina orain, etxetik hurreago izango dute gunea. Lehendik erabiltzen zeunden batzuk eta familia berriak joango dira Iderragako gunera.
Markina-Xemeingo Udalak bi konpostagune jarri zituen proba modura, Karmengo elizaren atzeko berdegunean eta Azpiko Errotan, eta izan duten harrera ona ikusita, hasitako bideari jarraipena emango dio. Horrela, auzo konpostagune berriak sortuko dituzte. Izan ere, herri osoan hamasei gune jartzeko asmoa dauka udalak. Iderragakoaren ondoren Erdotza Etorbidekoa etorriko da. Egin dituzten aparkaleku berrien puntan jarri nahi dute konpostagunea. “Lehen galipot gordegailua zegoen tokian”, zehaztu dute.
104 familiak eman zuten izena hasieran, eta beste 30 batu zitzaizkien geroago. Konpostagune berriak sortuz, herriko beste auzo batzuk ere proiektu horretara hurreratzea lortu nahi du udalak.