Bat, bi eta hiru…. Ieup! Hasi dadila Saioa. Hemen, HITZAko irakurlearen aurrean Kopla kantari. Okelarrek, ziur, nik baino dotorezia handiagoarekin enredatuko zituen hitzak bat bestearen ostea
Izengoitia eman zion baserrian bizi zen Roman Maiz bertsolari mutrikuarra. Inoiz entzun edo irakurri dut amarengatik zetorkiola bertsotarako zaletasuna, baita haren anaia Modestori ere. Trikiti doinuan kopla kantari ibiltzen omen zen Okelar baserriko amandrea.
Hari eskerrak beraz, nire belaunaldikook –oraindik heldutasunaren gailurrera iristeko gauden gazte ustekook– ere izan dugu Romanen bertsoez gozatzeko tarterik. Harik eta, 2009an Santa Eskea utzi zuen arte behintzat.
“Okelar bertsolari berezia da, eta oso ona. Ez dut esango onena denik, baina berezia da, eta bera bakarrik da horrelakoa, ez beste inor”. Jon Azpillaga bertsolariak esanak dira hitz hauek Pello Esnalek Okelarri buruz 2012an publikatutako liburuan. Bada, neuk ere esango nuke berezi bezain maitagarria zela Santa Eske egunez txapelaren azpian gordetzen zen gizon hura.
Koplari paregabetzat nuen orain gutxi arte Roman. Txikitatik ikusi izan dut otsaileko lehen larunbatez zapi loratua lepoan eta makila eskuetan hartuta. Zendu eta gutxira berriz, lagun batek esan zidan koplaria baino bertsolari hobea zela, izatez. Horrela hasi nintzen etxeko kutxa zaharrei hautsa kendu eta haren bertsoen bila. Arrazoi zuen lagunak, bazuen errimak josteko abileziarik. Bai horixe!
Inoiz txapelik irabazi ez duen bertsolaririk onena dela entzun izan dut askotan. Txapelketako txapelaren azpian baino, Santa Eskeko txapelaren azpian kantatzen zuen hark gusturago. Jon Azpilllaga eta Patxi Etxeberria bertso lagun zituela, honako bertsoa bota zuen 1985an Bidanin egindako Omenaldian:
Bistan dezue nolakoa dan
buruan dedan txapela.
Nola eman dute ni izanikan
hain xixtrin ta txepela?
Ez derizkiot gauza hau ondo
dagoenikan honela.
Uste det beste bi hoientzako
hobeto letorkeela
Buru guztiek balio dute txapel bat eusteko, baina txapel guztiek ez dute balio buru bat estaltzeko. Okelarrek fokupetik aparte kantatzen zuen, plaza handietatik ihesi, txapel azpian gordeta, ezkutuan. Nahiz eta, txapela buruan, blusa soinean eta makila eskuetan hartzen zituenean, gutxi izango ziren bere mailara iristen zirenak. Prest zegoen orduan, parean aurkitutako denak koplatzeko.
Horrelakoak omen ziren garai haietako bertso ekinaldiak, azkena isiltzen zena nagusi. Ez diezaiogun bada, kantatzeari utzi. Bat, bi eta hiru…Ieup!