Mutriku: Berdeak Independenteak taldeak erabakiko du alkatetza nork izango duen
Herritarren bozkak jaso eta gero, dena airean dago Mutrikun. Herriko bi alderdi nagusiek seina zinegotzi lortu dituzte, eta itxura guztien arabera, alkatetzaren giltza Berdeak Independenteak koalizioak izango du.
Alde gutxigatik (6 boto) EH Bildu izan da indarrik bozkatuena: 1.047 herritarrek eman diete botoa (bozken %40,66). «Irabazi egin dugu, baina, ez dago ezer erabakita. Nire ustez, aurrera begira, gure herriaren mesedetarako, beste alderdiekin batera akordioetara heltzea besterik ez da gelditzen», azaldu du Jon Naberan EH Bilduko alkategaiak.
1.041 botorekin EAJ izan da bigarren alderdirik bozkatuena (bozken %40,43). «Gure aldetik oso irakurketa positiboa egiten dugu. Hasierako datuen arabera, bost zinegotzi lortuko genituela pentsatzen genuen, baina azken orduko datuei dagokionez, seigarrena ere lortu dugu. Aurreko agintaldian baino bi zinegotzi gehiago lortu ditugu, hortaz, oso pozik gaude. Herriko alderdi nagusi biok ia berdinketa lortu dugu, eta hemendik aurrera ikusi egin beharko da nola egiten ditugun negoziaketak», adierazi du Jose Angel Lizardi EAJ-ko alkategaiak.
Berdeak Independenteak plataforma, aldiz, hirugarren alderdirik bozkatuena izan da. 335 herritarrek eman diote botoa.
Aldaketa nabarmena
Datuei dagokionez, EH Bildu izan da beherakadarik nabarmenena jasan duen alderdia (%24,01). Agintaldian egon den taldeak 2011n baino 536 bozka gutxiago gutxiago jaso ditu.
Bigarren eta hirugarren alderdiei dagokionez, biek gorakada izan dute botoetan. EAJ-k 2011n baino 219 boto gehiago eskuratu ditu (%10,6 gehiago) eta Berdeak Independenteak plataformak 93 boto gehiago eduki ditu (%4,31 gehiago).
Boto eskubideari dagokionez, abstentzioa handitu egin da. Aurten, 2011n baino %5,42ak baino gutxiagok bozkatu du.