Ispaster: EAJk boto kopurua mantendu eta nagusi izaten jarraituko du
Hiru boto baino ez ditu galdu Ispasterko EAJk aurreko hauteskundeekin alderatuta, eta 237 botogaz, beste lau urtez agintean egongo da. Herritarren Ahotsak 35 boto gutxiago lortu ditu: 182 lagunek babestu dute plataformaren proposamena.
Horrenbestez, Garbiñe Saenz de Buruaga izango da Ispasterko alkatea hurrengo lau urteotan. Haren ustez, emaitzak «oso onak» izan dira, eta azken lau urteotan egindako lanaren fruitu. «Amaitu berri den legealdia ona izan da. Zintzotasunez jokatu dugu; gauzak argi azaldu dizkiegu herritarrei eta jendeak ikusi du zenbat gauza egin ditugun», adierazi du. Aurrera begira, orain arteko lanagaz jarraitzea da EAJkoaren asmoa. «Ikasi dugunagaz eta egin dugunagaz jarraituko dugu: zintzotasunez eta emandako berba beteaz. Beharra eta konpromisoa dira gure baliorik handiena», esan du Saenz de Buruagak.
Oposizioan, lanerako gogoz
Maria Teresa Zabala zen Herritarren Ahotsa plataformaren hautagai nagusia. «Jendearen parte hartzea da bilatzen duguna, eta horretan jarraituko dugu datozen lau urteotan: geuk zuzenean parte hartzen eta herritarrak parte hartzera animatzen». Zabbala zortzi urtez egon da zinegotzi, eta adostasunetara heltzeko borondatea agertu du, «herria aurrera ateratzea helburu».