Ondarroa: Alkatetza berretsi du EH Bilduk, EAJri 590 botoko aldea aterata
Josu Arrizabalaga Badiola izango da Ondarroako alkatea datorren agintaldian. Hori nahi izan dute ondarrutarrek, EH Bilduri 2.206 boto emanda. EAJk 1.616 bozka jaso ditu. Horrenbestez, 8 zinegotzi edukiko ditu koalizioak eta 5 alderdi jeltzaleak.
Koalizioak jaso duen babesagaz pozik agertu da Josu Arrizabalaga EH Bilduren alkategaia: «Errazena egin dugu, irabaztea; orain gaitzena geratzen zaigu, kudeaketa; gauzak ahal den hobetoen egitea». Kudeaketa on bat egiteko, kanpainan esan duen modura, xerpak beharko dituztela berretsi du, «guztien artean Ondarroa hobe bat egiteko». Azken hauteskundeetako datuak ikusita, balantze ona egin du: «749 boto behera egin dugu 2011ko udal hauteskudeetatik hona, baina kontuan hartu behar da orduko hartan jendea zelako ilusioagaz, zelako gogoagaz zegoen. Europarretatik ho-na, gora egin dugu 438 bototan, eta balorazioa ona da».
EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena. Jeltzaleek duela lau urte baino 85 boto gehiago eduki dituzte. Oposizioan jarraituko dute, «gogotsu, Ondarroaren alde lanean». Emaitzen aurrean, balorazio positiboa egin du Maria Dolores Etxano EAJren alkategaiak. Lau zinegotzi izatetik 5 izatera pasatuko dira, eta Etxanok esan duenez, boto gutxiren faltan geratu dira seigarren bat eskuratzeko.
PSE-EEk eta PPk botoak galdu dituzte: 66 boto jaso dituzte sozialistek, 2011n baino 118 boto gutxiago; PPk 103 boto jaso ditu, Popularrek 114 zenbatu zituzten orain lau urte.
6.995 ondarrutarrek zeukaten botoa emateko eskubidea, eta horietatik 4.191k eman dute bozka; %60 inguruk. Abstentzioa %40 ingurukoa izan da, horrenbestez.
Bozka goiztiarrak
Goiz eman zuen EH Bilduren alkategaiak botoa: 10:15ean. Ez zuen Ondarroan egin, Berriatuan baino, hantxe dago-eta erroldatuta. 11:05ean eman zuen botoa EAJren alkategaiak, udal erakusketa aretoan. Ordurako nahikoa herritar zeuden botoa emanda. 12:00etarako, adibidez, udal erakusketa gelan emaileen %22ak zeukan emanda botoa.