Ondaro bertsotan Bizkaiko eskolarteko finalean.
Zapatuan Orion (Gipuzkoa) lehiatuko dute Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finala.
Aurten, guztira, 15 eta 18 urte bitarteko 112 gaztetxok hartu dute parte, eta horietatik herrialde bakoitzeko txapelketetako lehenengo biak sailkatu dira finalera.
11:00etan hasita, bederatzi bertsolarik kantatuko dute finalean, Orioko pilotalekuan, zapatuan. Horien artean, Lurdes Ondaro munitibartarra egongo da. Hala, Ondarogaz batera, Txaber Altube abadiñarra izango da Bizkaiko ordezkaria. Hain zuzen ere, Altube da aurtengo Bizkaiko eskolarteko txapelduna.
Halaber, Arabatik Peru Abarrategi eta Peru Amorrortu egongo dira finalean. Gipuzkoarrei dagokienez, Iñigo Ibañez eta Paul Iruretagoiena bertsolariak igoko dira oholtzara.
Lapurdiko ordezkariak Aitor Servier eta Nahia Sasco izango dira. Azkenik, Manex Malharin izango da finalean kantatuko duen nafar bakarra. Izan ere, Joanes Ilarregi herrialdeko txapeldunari eta Maddalen Lopez txapeldunordeari ezin etorria suertatu zaie.
Hala, aurten ez da egongo Zuberoako eta Nafarroa Behereko partaiderik.
Egun osoko jaia
Ekitaldia Maialen Lujanbio bertsolariak aurkeztuko du, eta Sustrai Colinak jantziko dio txapela txapeldunari. Irabazlearentzat sari nagusia gabonetako oporraldietan egingo duten Negulekua izango da. Hain zuzen ere, Euskal Herriko finalista guztiek doan izango dute bertan egonaldia.
Finalaren ostean, elkarrekin bazkalduko dute gura duten bertsolariek eta finala ikustera doazenek.
14:00etatik aurrera bazkalduko dute, plazan. 150 bat lagunentzako prestatuko dute lekua, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluarekin elkarlanean.
Bazkalostea ere bertsoek girotuko dute, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina plazako oholtzan ariko dira bertsotan. Gero, Keshala eta Bi Bala musika taldeen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Giro ederrean dantzan eta kantuan gorputzak astintzen ibiliko dira arratsaldean.
Autobuseko txartelak
Zapatuan Oriora egun pasa egitera joan gura dutenentzat autobusak antolatu dituzte herrialdeetako bertsozale elkarteek.
Hain zuzen ere, Bizkaiko Bertsozale elkartetik bi aukera eman dituzte autobusean izena emateko. Batetik, joateko interesa dutenek honako telefono zenbakira deitu lezakete: 946 812 711. Bestalde, helbide elektroniko honetara emaila idazteko aukera ere badute:
bizkaia.aisialdia@bertsozale.eus.