Beste urte batez ere, Ondarroa kolorez jantzi du Zapato Azulak. Aurten, gainera, jaia “adinez nagusia” dela goi-goitik ospatzen aritu dira herrira hurreratu diren guztiak.
Ohikoa bihurtu den legez, Nekane Akarregik eta Manuel Eluk eman diote ongietorria jaiari. Ordurako, herritarrak Alaiko balkoiaren azpian zain zeuden, jaia noiz hasiko zain.
“Pannnnnnba, pannnnnnbaaaa….” Eluk bata bestearen atzetik hainbat ahozko bolandera bota ostean, hasi da ofizialki 18. Zapato Azula.
Manuel Elu eta Nekane Akarregi jaiari hasiera ematen
Minutuek aurrera egin ahala, egun eguzkitsua lagun, Zubi Zaharraren inguruak jaiaz gozatu nahi zuten herritar eta kanpokoez bete-bete egin da. Era berean, zubiaren beste aldean ere jende asko ibili da Euskal Herriko 18. Kamiseta Azokan. Bertara hurreratu direnek diseinu berriak ikusi eta erosteko aukera izan dute.
Itsas zeharkaldian parte hartu zuten herritarrak. Argazkia: Ondarroako igerilariak
Arrigorri eta Saturraran arteko itsas zeharkaldia ere nahikoa arrakastatsua izan da. 50 igerilarik mahonezko zapia lepoan jantzita egin dute bi hondartzen arteko tartea.
Batzuk jaiagaz gozatzen ari ziren bitartean, Radixu Irratiko kideak jaiaren xehetasun guztien jarraipena egin dute kaletik bertatik egindako zuzenekoan. Mikrofonoak eskuetan hartuta, herritarrak elkarrizketatzen aritu dira. “Herritik kanpora eta hondartzan egon diren herritarrek zuzeneko jarraipena egin dutela adierazi digute”.
Radixu Irratiko kideak zuzeneko saioa egiten
Txistulariek, bandak, trikitilariek eta eMePebo5t taldearen doinuek girotu dituzte eguneko momenturik hunkigarrienetarikoa heldu aurreko minutuak. Dinamartxako ordua heldu orduko, ia inor ez zen kabitzen alde zaharrean.
Tolosatik Ondarroara oinez eta bizikletan etorri diren ia 300 lagunek ongietorri beroa jaso dute, bandaren musika, uxu eta txalo zaparrada artean.
Dinamartxako parte hartzaileak alde zaharrean sartzen
Jarraian, aurtengo pregoiaren berri eman du Nekane Akarregi Radixu Irratiko kideak. Hain zuzen ere, jaiaren hastapenei buruz berba egiten hasi du aurten pregoia Akarregik, eta Alaiko balkoi azpian batutakoek jaiari zorionak eta guzti abesteko aukera izan dute.
Ohikoa den modura, umorez betetako tartean izan da, eta han batutakoek barreren bat edo beste egiteko aukera izan dute. Azkenik, sariak emateko eta aurtengo omendua nor zen argitzeko unea ailegatu dira.
Kamiseta Azokako irabazlea Aurrerako kideekin batera
Euskal Herriko Kamiseta Azokako eta Ahuakemonala esketx lehiaketako irabazleak iragarri zituzten. Euskal Herriko Kamiseta Azokako aurtengo irabazlea Algortako Marilei izan da eta Ondarroako kamiseta onenaren saria, ostera, Iparra Galduk Baik plataformako kideek jaso dute.
Ahuakemonala esketx lehiaketari dagokionez, aldiz, Josu Arrizabalaga alkatearen eskutik 100 euroko txekea jaso zuten Urtza Bilbaok, Dunixe Burgoak eta Ziortza Urrestik.
Aurten, gainera, berritasun modura sari berezia eman dute Radixu Irratiako kideek. Herriko dendariek erakusleihoak apaintzen egiten duten ahaleginari aipamen berezia egin zieten, eta Zurrumurru dendari eman zioten harrizko boloa. Denek ere pozik eta “hunkituta” jaso zituzten euren oroigarriak.
Sari banaketaren ostean, Aurrera Kirol Elkartea aurtengo omendua dela iragarri dute han batutako herritarren txalo artean. Hain zuzen ere, Aurrerako kideek banatu zituzten Kamiseta Azokako sariak ere.
Arri, Botx, Bertsutan bertso eskolako ikasleek eta Aitor Sarriegik Alaiko balkoitik bertso ederrak bota ostean, jaiak arratsaldera arte, “atsedenalditxo” bat hartu du.
Jai giroa nagusi izan da eguerdiko orduetan
Bazkalostean ere, jaiak indartsu jarraitu du ordu luzez alde zaharrean. Arratsaldean jende asko batu da egin diren jolasetan eta Larrain dantza herrikoian ere Plazagaina bete egin da.
Zapato Azula hurrengo urtera arte 21:30ak inguruan agurtu baldin badute ere, jaiak ez du etenik izan. Musika Plazako txosnetan ere, zer ospatua egon da goizeko ordu txikiak arte. Herriko gune hori ere, jendez beteta egon da.
Balorazio oso ona
Herritarrek eman duten erantzun ona kontutan hartuta, pozik geratu dira Radixu Irratiko kideak. “Oso gustura geratu gara. Oraingo honetan ere jaiaren esentziari eustea lortu dugu”, nabarmendu dute. Bildutako diruari esker, irrati libreari sostengu ekonomikoa emango diote.
Radixukuen iritziz, jendetza batu da, eta jaia alde zaharrean ez eze, herri guztira zabaldu dela azpimarratu dute. “Jaia herri osora zabaltzen hasia dagoela ikusi dugu”.
Euskal Herriko Kamiseta Azokako saltzaileak ere oso gustura egon zirela adierazi dute antolatzaileek. “Pozik geratu ziren salmentekin”.
Datorren urteko Zapato Azula egiteko ideiak jasotzen hasita daude antolatzaileak.
[nggallery ID=265]
[nggallery ID=266]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.