Ekainaren 13ko karguhartze ekitaldia eta gero, udal arduradun berriek atzo [ekainak 30] egin zuten agintaldiko lehenengo osoko bilkura. Udaletxeko areto nagusian elkartu zen udalbatza berria, 20:00etan. EAJko Ibon Aranbarri izan ezik, udalbatza osatzen duten beste hamabi zinegotziak bertan egon ziren.
Osoko bilkuraren deialdiak 10 puntu jaso zituen eta denak ere, aho batez onartu ziren. Lehenengo eta behin, kargu hartze ekitaldiko akta onartu zuten, eta jarraian, agintaldi berriko gobernuaren funtzionamendua finkatuko duten erabaki sorta etorri ziren. Horien artean, besteak beste, udal batzordeen osaketa eta ardurak banatu, osoko bilkurak eta udal batzordeen batzarrak noiz egingo diren onartu eta alkateordeak izendatu ziren.
Lehenengo osoko bilkuran parte hartu zuten hamabi zinegotziak, udaletxeko pleno aretoan
Onartu ziren puntu guztien artean, gainera, berritasun bat edo beste ere egongo da aurrerantzean. Irisgarritasun baldintzak bermatze aldera, osoko bilkurak hemendik aurrera Kofradia Zaharreko areto nagusian egitea adostu zen. “Eraikin horretan igogailua dago, eta modu horretara, nahi duten herritar guztiek joateko aukera izango dute”, nabarmendu zuen alkateak egindako proposamenean.
Era berean, osoko bilkuraren aldizkakotasuna ere finkatu zuten. Abuztuan izan ezik, hilero hirugarren eguenean batuko dira, 20:00etan (lehen baino ordu erdi beranduago). Eta, hirugarren eguenean ezin bada egin, laugarrenean egitea adostu zuten guztiek, aho batez.
Zinegotziak bozketan aldeko botoak ematen
Udal taldeen bozeramaileei dagokionez,
EAJtik Maria Dolores Etxano (ordezkoak: Miren Urresti eta Adrian Osa) eta
EH Bildutik Rakel Elu (ordezkoak: Zunbeltz Bedialauneta eta Bisit Beiro) izango direla ere argitu zen.
Neurri horiez gain, alkatearen ordainsaria zein izango zen ere onartu zuen udalbatzak. Hain zuzen ere, 14 pagatan banatuta,
urtean 31.220 euroko soldata gordina jasoko du Arrizabalagak. Alkateorde izendapenei dagokionez, honako hurrenkeran lau zinegotzi izendatu dituzte: Rakel Elu, Zunbeltz Bedialauneta, Bisit Beiro eta azkenik, Txomin Etxaburu.
Era berean, alkatearen tokiko gobernuko batzarreko lankideak ere izandatu zituzten. Honakoak izango dira: Rakel Elu (EH Bildu), Txomin Etxaburu (EH Bildu), Maria Dolores Etxano (EAJ) eta Miren Urresti (EAJ).
Josu Arrizabalaga Ondarroako alkatea puntuen berri ematen
Udal batzordeen banaketari dagokionez, ardurak honako erara banatu eta onartu ziren:
- Kirol batzordea: Unai Barrenetxea
- Ingurumen batzordea: Zunbeltz Bedialauneta
- Hezkuntza eta Euskara batzordeak: Eneritz Basurko
- Hirigintza eta Lanarigo batzordeak: Txomin Etxaburu
- Ongizate eta Aniztasun batzordeak: Rakel Elu
- Kultura batzordea: Iñaki Lersundi
- Berdintasun batzordea: Bisit Beiro
- Ogasun batzordea: Josu Arrizabalaga
Udalbatza berria bozkatzen
Batzordeak banatzeaz gain, organo kolegiatuetarako udalbatzaren ordezkariak ere izendatu zituzten. Honakoak izango dira ordezkariak:
- Lea-Artibai Amankomunazgoa: Rakel Elu (EH Bildu), Zunbeltz Bedialauneta (EH Bildu) eta Maria Dolores Etxano (EAJ).
- Ondarroa Lantzen SA: Josu Arrizabalaga (EH Bildu), Txomin Etxaburu (EH Bildu), Eneritz Basurko (EH Bildu), Rakel Elu (EH Bildu) eta Maria Dolores Etxano (EAJ).
- Ondarroako Udalaren ordezkariak Bilboko Batzar Orokorrean: Josu Arrizabalaga (EH Bildu); ordezkoa Unai Barrenetxea (EH Bildu).
- Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa: Zunbeltz Bedialauneta (EH Bildu); ordezkoa Iñaki Lersundi (EH Bildu).
- Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL): Josu Arrizabalaga (EH Bildu).
- Euskal Fondo Elkartea: Rakel Elu (EH Bildu); ordezkoa Iñaki Lersundi (EH Bildu).
- Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA): Eneritz Basurko (EH Bildu), Josu Arrizabalaga (EH Bildu), Bisit Beiro (EH Bildu) eta Adrian Osa (EAJ).
- Udalbiltza: Josu Arrizabalaga (EH Bildu); ordezkoa Txomin Etxaburu (EH Bildu).
- Haurreskolak Patzuergoa: Eneritz Basurko (EH Bildu); ordezkoa Unai Barrenetxea (EH Bildu).
- Lea-Artibai Garapen Agentzia: Josu Arrizabalaga (EH Bildu) eta bere ordezkoa Rakel Elu (EH Bildu).
- Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartea: Zunbeltz Bedialauneta (EH Bildu); ordezkoa Eneritz Basurko (EH Bildu).Udal Musika Eskola: Eneritz Basurko (EH Bildu) eta Josu Arrizabalaga (EH Bildu).
Bukaeran, galdera erantzunentzako tartea ere izan zuen osoko bilkurak. Udal osoko bilkura guztien modura, herritarrei zabalik egon zen ekitaldia izan zen.