Iparra Galdu Baik plataformak deituta, Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen presoa etxeratzeko eskatu dute ehunka herritarrek gaur [urriak 18] eguerdian, Ondarroan. Ondarroako bizilagunek ez eze, Lea-Artibai eta inguruetako hainbat herritarrek bat egin dute plataformak egindako deiagaz.
Manifestazioak 13:00etan irten du Alamedatik, Aske eta bizirik. Larriki gaixorik dauden presoak, SOS lelopean, eta Ondarroako kaleetan barrena hainbat eskari ozen aldarrikatu dituzte manifestazioan parte hartu dutenek. Besteak beste, “giza eskubideak non daude”, “heriotz zigorrik ez”, “sakabaneketarik ez”, eta “berandu baino lehen, Ibon etxera” ekarteko eskatu dute.
Manifestazioan parte hartu duten herritarrek hainbat aldarrikapen egin dituzte
Kalerik kale ibili ostean, 14:00ak aldera ailegatu da manifestazioa Musika Plazara. Denak plazara sartu ondoren, Ion Kirru Iparragirre Iparra Galdu Baik plataformako kideak eta Ibonen anaiak presoaren inguruko azken gertaeren berri eman du.
Iparragirrek ohartarazi duenez, Zaballako espetxean zapatu goizean egindako azken bisitan oso gaizki ikusi dute anaia. “Zutik ere ezin zen egon. Gerriko min handiekin dago, eta bere burmuineko orbanaren ondorioz, ikusmena ere zeharo galduta du. Horrez gain, defentsak ere oso baxu ditu”.
Anaia espetxetik ateratzen ez badute, bertan hilko denaren beldur direla ere nabarmendu du. “Gogorra da hau esatea, baina hauxe da egia. Ibonek berak esan digu oso ahul sentitzen dela, eta ez dakiela epaiketara aurkezteko moduan egongo den”.
Ion Kirru Iparragirre
Hain zuzen ere, datorren martitzenean Bilbon epaituko dute Ibon Iparragirre. Hori dela eta, Zaballako espetxera lekuz aldatu dute Iparragirre. Senideek agertu dutenez, eguaztenean atera zuten presoa Alcala Mecotik, eta barikuan iritsi zen Arabako espetxera.
Datozen egunak, “erabakiorrak”
Iparra Galdu Baik plataformako kideak azpimarratu duenez, datozen egunak “zeharo erabakiorrak” izan daitezke. Hori dela eta, jendarteari kalean mobilizatzeko deia egin diote. “Ibon, epaiketa eta gero, berriro Alcala Mecoko espetxera edo beste batetara urrutzen badute, edozer gerta dakioke. Mobilizatzen jarraitu behar dugu”.
Manifestazioa San Ignazio kaletik igarotzen
Horren harira, hainbat ekimen egingo dituzte datozen egunotan; alde batetik, martitzenean [urriak 20], Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute, 10:30ean. Era beran, Bilbon martitzenetik barikura Etxera Gunean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin dute. Azkenik, hurrengo barikuan [urriak 23], 19:30ean, Bilbon eingo den herrialdeko manifestazian parte hartzeko gonbitea luzatu diete herritarrei.
Bestalde, datozen egunotan Lea-Artibai eskualdeko udaletxe guztietan mozioak aurkeztuko direla ere adierazi du Ion Kirru Iparragirrek. “Hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea da. Udaletxeetako alderdi politikoei konpromezu zehatzak eskatu behar dizkiegu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.