Ibon Iparragirre Burgoa preso ondarrutarra espainiaratu egin dutela jakitera eman dute haren senideek. Zapatu eguerditik [urriak 24] larriki gaixorik dagoen presoaren berri barik egon zen familia, eta iluntzen Iparragirrek egindako deiaren bidez jakin zuten Alcala Mecoko kartzelara (Madrid, Espainia) eraman zutela. “Gure susmorik txarrenak bete egin dira azkenean. Hemengo epaiketa egin ostean, Ibon berriro ere urrundu egin dute”.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek azaldu zutenez Ibonen senideek bisita zuten zapatuan, 12:00etan, Zaballako espetxean, eta sartzera zihoazela bisitarik ez zutela esan zioten haren amari. “Zehatz esanda, bisiten zerrendan ez zirela agertzen esan zioten. Bisitarik ez edukitzearen zergatia galdetu zutenean, bertan ez zegoela ziurtatu zieten kartzelako arduradunek. Burgoseko espetxe batetara lekuz aldatu zutela esan zieten”.
Ondarroan zapatu eguerdian egindako elkarretaratzea
Iparragirreren lagun eta senideek nabarmendu dutenaren arabera, espetxe zuzendaritzako arduradunek Burgoseko kartzelan bisita egiteko baimena eman zieten zapatu arratsaldean [urriak 24], 17:15ean. Senideak, ordea, Burgoseko kartzelara joan zirenean, han ez zegoela esan zieten hango arduradunek. “Momentu honetan ez dakigu non dagoen ere”, azpimarratu zuten orduan.
Ibon Iparragirre berak deitu zuenera arte non zegoen ere jakin barik egon ziren senideak, ordu luzeetan.
Azken urruntzea salatzeko, atzo [urriak 25], 13:00etan, elkarretaratzea egin zen Ondarroako Alamedan. “Egoerarekin amaitzeko ordua da. Ibon eta larriki dauden presoak etxean nahi ditugu”.
Domeka eguerdian Ondarroako Alamedan egindako elkarretaratzea.
Bestalde, zapatuan [urriak 24], dozenaka lagunek eta Lea-Artibaiko
EAJko eta
EH Bilduko hainbat zinegotzik Ibon Iparragirre etxeratzeko eskatu zuten Ondarroan egindako elkarretaratze isilean.
Etxean nahi dugu lelopean, ordu laurden inguruko elkarretaratzea eginez.
Egoera horren aurrean,
azaroaren 7an elkartasun martxa egingo dute, Ondarroatik abiatuta. Herritarrek autobusean izena eman ahal dute, eguena aurretik, Ondarroako Anaitasuna edo Kulixka tabernetan. Martxa Iparra Galdu Baik plataformak antolatuta dago eta eskualdeko eta inguruetako
herritar guztiak martxan parte hartzera gonbidatu dituzte plataformako kideek.