«Gazteei plaza egiteko aukera emango die txapelketak»
Bizkaiko Txapelketatik at dator aurten Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Hiru kanporaketa eta finala jokatuko dute eskualdeko hemezortzi bertsolarik.Beteranoa da Ander Elortegi (Gernika-Lumo, 1985) eta gaztea Beñat Bilbao (Gernika-Lumo, 1999). Bert...
Bizkaiko Txapelketatik at dator aurten Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Hiru kanporaketa eta finala jokatuko dute eskualdeko hemezortzi bertsolarik.
Beteranoa da Ander Elortegi (Gernika-Lumo, 1985) eta gaztea Beñat Bilbao (Gernika-Lumo, 1999). Bertsolariak biak, eskualdeko txapelketak dakartzan berezitasunak azaldu dituzte.Busturialdeko Bertsolari Txapelketa hasiko da barikuan. Zenbat bertsolarik parte hartuko duzue?
Ander Elortegi: Hemezortzi bertsolari izango gara txapelketan. Aurrefinalak hiru izango dira, eta bakoitzean sei bertsolari ariko gara. Hemezortzi horietatik sei helduko dira finalera.
Aurtengo txapelketak berezitasunen bat ere badakar.
A. E.: Bai. Orain arte Busturialdeko Txapelketa Bizkaiko Txapelketarako kanporaketa bat izan da. Aurten ez da hala izango. Txapelketaren antolatzaileek gogoeta egin ostean, eskualdeetako txapelketak independenteak izango dira. Bizkaiko Txapelketa 2017ko udaberrian hasiko da, eta independentea izango da; parte hartzeko izena eman beharko da.
Eskualdeek eta tokiko bertsolaritzak autonomia hartzen du, beraz.
A. E.: Hori da. Desoreka bat sumatu izan dute. Zenbait eskualdetan bertsolari asko zeuden txapelketan parte hartzeko, eta beste zenbait eskualde hanka motz geratzen ziren. Beraz, eskualde bakoitzak erabakiko du zer antolatu, eta Bizkaiko Txapelketarekiko independentea izango da. Horregatik, aurten eskualdeko txapelketan parte hartuko dute, baita, Onintza Enbeitak eta Ibon Ajuriagojeaskoak.
Beraz, bertsolari beteranoak eta berriak ariko dira aurten elkarrekin bertsotan.
A. E.: Bai, eta aukerak zabaldu eta Xabier Arriaga Txiplas eta holakoei ere gonbidapena luzatu diegu parte hartzeko. Batzuek baiezkoa eman dute, bete batzuek ezezkoa, eta hemezortziko taldea osotu dugu.
Hemezortziko horretan, Beñat, zuk lehenengoz parte hartuko duzu eskualdeko txapelketan.
Beñat Bilbao: Bai, lehenengoz parte hartzeko aukera izango dut.
Zelan ikusten duzu zure burua maila jakin bateko bertsolariekin kantatzeko?
B.B.: Ni presiorik gabe noa txapelketara. Esperientzia hartzea da nire asmoa, eta ahalik eta ondoen egitea. Gutuko dut, eta ez dit irabazteko asmorik, eta ez dut helbururik izan nahi.
Txapelketan gazteenetakoa izango da Beñat.
A.E: Bai, Beñatek eta Julen Karrionek 16 urte dituzte, eta lehengo formatoan ezingo lukete parte hartu, Bizkaiko Txapelketarako eskualdeko kanporaketetan parte hartzeko 18 urte izatea derrigorrezkoa zelako. Beraz, malgutasunez hartu dugu hori dena, eta parte hartzeko prest agertu dira.
Aniztasun horrek zein onura ekarriko dio txapelketari?.
A.E: Lehen inpresioa freskotasuna da. Azken txapelketetan bertsolari berdinek parte hartu izan dugu. Beste alde batetik, ikusi izan dugu gazteek plazaren falta izan dutela. Hasten ari dira, baina ez dute guk daukagun espazioa. beraz, txapelketa honek jendaurrean kantatzeko aukera emango die. Horrez gain,bertsolari gazteentzat ohore bat da Onintza Enbeitaren pareko bertsolari batekin neurtzea; baina Enbeitarentzat ere ohore bat da berarekin taula gainean eskualdeko bertsolari gazteak ikustea. Argazki politak utziko ditu txapelketak.
B.B.: Bai, hori da. Ohore bat da beraiekin bertsotan aritzea, eta gure lana balioan jartzeko bide ere bada; hau da, txapelketan parte hartzeko moduan gaudela adierazten digu.
Ikasteko ere balioko dizue.
B.B.: Bai, eta saioetan lasaitasuna irabazteko ere baliogarria izango da. Gainera, txapelketen formatoa ezagutu ahal izango dugu.
A.E: Jauzi bat emango dute. Orain arte, eskolarteko txapelketetan parte hartu dute, eta eskualdekoak beste maila bateko txapelketan parte hartzeko aukera emango die.
B.B.: Hori da, plaza egiteko aukera ematen digu.
Jauzi hori hain arin ematea espero al zenuen?
B.B.: Ez, Anderrek berak esan zigun izena eman behar genuela.
A.E: Ez dute erabakitzeko aukerarik izan. Orain urte asko ezagutzen ditut, eta badakit ondo egiteko gai direla.
Busturialdean bertsolaritza bultzatzeko bestelako proiekturik ba al duzue?
A.E.: Bertso eskolako bilera egin genuenean urte osorako egutegi antzeko bat egin genuen, eta hainbat ekintza apuntatu genituen. Lehentasuna txapelketari eman genion, abendurako paretik kendu gura genuelako, baina baditugu bestelako proiektu batzuk ere. Adibidez, Euskal Herriko beste zenbait bertso eskolarekin desafioak egin nahi ditugu. Oraindi zehazteko dago, baina asmoa da saio horietan ere gazteak eta beteranoak batzea. Horrez gain, Gernika-Lumoko Leihope tabernan desafioa egiten dugu ihauterietan… Azken batean, adin ezberdineko jendea batu eta denei plaza egiteko eta abesteko aukera emango diegu.
Txapelketari begira, zer espero duzue?
B.B.: Ahalik eta ondoen egitea, beste asmorik ez dut.
A.E.: Beteranoen zakuan sartu naiteke, eta bigarren ere sailkatu izan naiz txapelketan inoiz. Aurten ez dut ezer espero, presiorik gabe, lasai noalako. Disfutatu egin nahi dut, finalera heldu eta txapela lehiatu. Hala ere, maila handiagoa egongo da txapelketa honetan.