Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izena emateko epea ireki dute
Interesa dutenek aukera dute dagoeneko 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izena emateko. Atzo ireki zuten horretarako epea eta hilaren 30era arte egongo da zabalik.Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren talde antolatzailea dagoeneko antolakuntzan burube...
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren talde antolatzailea dagoeneko antolakuntzan burubelarri sartuta dago, eta baditu jada udaberriko zein udazkeneko faseko datak. Hain zuzen, apirila eta maiatzean gauzatuko dute udaberrikoa, eta urritik abendura, berriz, udazkenekoa.
Hile honetan zabaldutako izena emateko epea udaberriari dagokio; izan ere, udazkenerako maiatzean zabalduko dute. Azken fase horretan zabalduko dira baita ere, inoiz finalista izan diren bertsolariak.
Hala, udaberriko fasean egon nahi dutenek bizkaia@bertsozale.eus helbidera idatzita, zein 94 681 27 11 telefonora deituta eman beharko dute izena.
Busturialdeko txapelketa
Bizkaiko txapelketa oraindik hasi barik badago ere, Busturialdekoa martxan dago azaroaren 14az geroztik, egun horretan jokatu baitzuten txapelketako lehen kanporaketa. Sei bertsolari aritu ziren orduan bertsotan, eta, guztien artean, Ander Elortegi nagusitu zen, 156 puntu eskuratu ostean. Bigarren, berriz, Ibon Ajuriagojeaskoak egin zuen, 153 puntugaz.
Guztira, hiru kanporaketa lehiatuko dituzte: Gernika-Lumoko Harizpe txokoan egin zuten lehena, eta Belendizen (Arratzu) egingo dute bigarrena barikuan bertan. Hain zuzen, Mikel Retolaza, Onintza Enbeita, Eneko Aldana, Unai Agirre, Aitor Etxebarriazarraga eta Julen Ibarguengoitia bertsolarien arteko lehiaz gozatu ahalko da 21:00etatik aurrera. Bertso afaria egingo dute Belendizko txokoan, eta bertan parte hartu nahi dutenek Gernika-Lumoko Arranon eta Astran erosi ahalko dituzte afarirako txartelak.
Azaroaren 27an egingo dute hirugarren eta azken kanporaketa, eta abenduaren 12an Astran bilduko dira finala jokatzeko.
Hiru kanporaketetan irabazle suertatzen direnak zuzenean igaroko dira finalera, eta gainontzeko hirurak puntuazioaren arabera hautatuko dira.