Euskal Herrian matxismoa ondo errotuta badago, zer esanik ez Guatemalan. Baina emakume guatemalarrak, indarkeria matxistaren aurka egiteko, estrategia komunitarioak eraiki dituzte, herritik, eta ez erakundeetatik. Eta eguaztenean [azaroak 18], Euskal Herrian
Pikara Magazinek
Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak eskatuta egindako
Ruda: mujeres indígenas organizadas por una vida libre de violencia en Guatemala dokumentala aurkezteko aitzakiagaz,
Ondarroako Etxelilan izan ziren dokumentaleko hiru protagonista:
Johana Ramirez,
Olga Quiej eta
Sebastiana Aquino.
Ezkerretik eskumara, Ramirez, Quiej eta Aquino, lehen lerroan, Etxelilan.
Guatemalarrak astelehenean [azaroak 16] ailegatu ziren Euskal Herrira, eta aste osoan batera eta bestera ibili dira, dokumentala aurkezten, eta nola ez, euren errealitatea azaleratzen eta euren lorpenak mahairatzen. Hiriburuetan egoteaz gain, Ondarroako
Etxelila ere
ezagutu nahi izan dute.
Ordubetez bada ere, Etxelilako hitzaldi aretoan jarri, eta euren bizipenak kontatu dituzte Ramirezek, Quiejek eta Aquinok. Aurrean izan dituzte, besteak beste, Ondarroako Udaleko euskara teknikaria (Rosa Baltar), Uxu Ondarroako emakumeen taldeko kidea (Rakel Aspiazu), 7 Emakumen en Movimiento taldekoak (Josune Laka), Andrabanda (Mª Cruz Lekunberri) eta Udaleko Hezkidetza Egitasmoko begiraleak. Funtsean, euren azalean urteetan jasan duten indarkeria matxistak eragindako
sufrimenduaz baino,
indarkeria matxistaren aurka egiteko euren estrategiez eta lorpenez hitz egin dute.
Mahai inguruan parte hartzen.
Ez dute euren burua
biktima bezala aurkezten, indarkeria matxistatik
bizirik atera diren herritarren modura baino. “Orain, gure elkarteetatik, emakumeok ditugun eskubideak zeintzuk diren eta horiek nola exijitu erakusten diegu beste emakume guatemalarrei”. Horrez gain, eskulangintza landu, poliziekin elkarlanean aritu eta beste hainbat ekintza ere egiten dituzte. Hori guztia, baina, indarkeria matxistaren aurka egiteko.
Indarkeria matxista jasatetik, orain, horren aurka egiten duen taldeetako lider izatera pasatu dira.
Testigantzak, banan bana
Ramirez
CICAM taldeko kidea da. Eta besteak beste, indarkeria matxistaren aurrean ikasleak nola hezi lantzen dute. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, justizia arloan lan egiten dutenei ere formakuntza saioak eskaintzen dizkiete. “Konturatu ginen, askotan, indarkeria matxistaren kasu bat epaitzen ari diren
epaileak eurak ere erasotzaileak direla. Eta horren guztiaren aurka egiteko saioak eskaintzen ditugu”. Halaber, indarkeria matxista jasan duten emakumeak
nola artatu ere irakasten diete, bai poliziei eta baita beste alor batzuetako langileei ere.
Josune Laka 7 Emakume en Movimiento taldeko kideak oparia eman die.
Ramirez, gainera, indarkeria matxista jasandakoa da. Eta bere testigantza gogorra bezain bortitza da. “10 urte nituenetik 40 urte eduki nituenera artea jasan nuen indarkeria matxista. Urte horietan guztietan nire bizitza hutsik zegoen. Eta behin askatzen hasi nintzenean, bizitzen hasi nintzen”.
Quiej
AMUTED elkarteko kidea da. “Eskulangintzako formakuntza saioak ematen ditugu guk. Gure helburua da emakumeak independenteak izatea. Izan ere, emakumeak gizonezkoen menpe daude Guatemalan; ez dira askeak eta ez dute baliabiderik aske izateko”. Gobernuak, gainera, emakumeak ez dituela kontuan hartzen gaineratu du. “Gobernua bakarrik hauteskunde kanpainetan gogoratzen da emakume indigenez. Behin boterean daudela, ez dute guri buruz hitzik ere egiten; diskriminatu egiten gaituzte”.
Aquino, aldiz,
Majawil Q’ij-eko kidea da. “Guztiok pertsonak garela aldarrikatzen dugu. Gure janzkera ezin da izan diskriminatzeko aitzakia. Eta hori da egiten digutena. Guk, guzti horren aurka egiten dugu”. Gainera, bikotekideak tratu txarrak ematea “normaltzat” hartzen dela azaldu zuen. “Guk erakusten diegu hori ez dela normala”.
Mahai ingurua, Etxelilan, Guatemalako indigenekin.
Oro har, Guatemalan, emakumea askatzeko beharrean jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuten hirurek. “Asko lan egiten dugu, eta Euskal Herrira egin dugun bisita aprobetxatu nahi izan dugu Guatemalara estrategia berriak eramateko”. Horrez gain, indarkeria matxistaren aurka egunez egun borrokatzen duten euskal talde zein eragileekin biltzeko aukera ere ideiak elkartrukatzeko ona izan dela esan dute. “Poztekoa da hemen ere emakumeen bilguneak (Etxelila, esaterako) existitzen direla eta ekiteko gogoz zaudetela jakiteaz; harro sentitzen gara”.
Belarriak adi-adi eta begiak ezin itxita edukitzeko testigantzak eskaini dituzte hirurek Etxelilan. Tarteka, gainera, euren azalean bizi izan dituzten zenbait pasarte pertsonal kontatzerakoan, hotzikarak ere sorrarazi dituzte han bildutakoen artean.