Ondarroako bertsozaleek ez diote urteroko hitzorduari hutsik egin
Bertsutan bertso eskolak eta udalak antolatuta, punta-puntako lau bertsolari batu dira Beikoziniko oholtza gainean. Laurek gustura utzi dituzte bertaratu diren bertsozale guztiakUrteroko hitzorduari hutsik egin barik, atzo ere bertso saio berezia egon ...
Bertsutan bertso eskolak eta udalak antolatuta, punta-puntako lau bertsolari batu dira Beikoziniko oholtza gainean. Laurek gustura utzi dituzte bertaratu diren bertsozale guztiak
Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, atzo ere bertso saio berezia egon zen Ondarroan. Bertsutan bertso eskolak eta udalak antolatuta, punta-puntan dabiltzak lau bertsolarik eskaini zuten saioa: Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapeldunak, Alaia Martin Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren sailkatuak, Eneko Abasolo Abarkas Ondarroako bertso eskolako irakasle ohiak eta Jone Uriak.Saio ederra eskaini zuten laurek, eta Beikozini aretora hurreratu ziren bertsozaleei barre algara bat baino gehiago eragin zieten euren ateraldiekin.
Saioa Bikain Urkiri Bertsutan bertso eskolako kideak gidatu zuen, eta lauren aurkezpena egin ostean, ikusleak bertsotan agurtu zituzten. Ostean, gaia emanda, binaka aritu ziren.
Abarkasek eta Alaia Martini Adan eta Eva telebista saioko protagonistak izatea egokitu zitzaien. Jone Uriak eta Beñat Gaztelumendik, ostera, telebista saio hori ikusten ari den bikote bat irudikatu behar izan zuten.
Gerokoan, guztiak batera koplatan aritu ziren olentzero eta hiru erregeen papera hartuta. Jarraian, binaka aritu ziren.
Ondarroako berbetan
Saioaren bigarren zatia, aldiz, bestelakoa izan zen. Lehenik eta behin, argazki baten inguruan bertsotan egin behar izan zuten, banaka. Gerokoan, urtero egin modura, Ondarroako hitzen inguruko ariketa proposatu zien gai jartzaileak. Horretarako, Ahuakemonala aplikazioan agertzen diren hainbat esaera eta berba erabili zituzten, puntuka aritzeko.
Ondarroako berben inguruan bertsoka, hasieran, binaka aritu ziren, gero, banaka, eta azkenik, lauen artean aritu ziren. Ahal izan zuten modura moldatu ziren atzeko pantailan proiektatuko hitzekin.
Saioa bukatzeko, lau bertsolariek banan-banan abestu zuten euren agurra, nahi moduko doinua erabilita.
Antolatzaileak, pozik
Saioa amaitu berri, pozik agertu ziren antolatzaileak. Iñaki Lersundi Bertsotan bertso eskolako kideak eta udal kultura zinegotziaren iritziz, «emozioz betetako» saioa izan zen. «Maila honetako bertsolariak berton izatea ikaragarria izan da. Baina, batez ere, guretzat oso polita izan da Abarkas Bertso eskolako lehen irakaslea bertan abesten izatea».
Atzokoan ere, areto bete bertsozale batu zen, eta horrek asko poztu ditu antolatzaileak. «Jendea oso gustura ikusi dugu, eta bertsolariak ere pozik geratu dira. Aurrerantzean ere antzeko ekimen gehiago egingo ditugu».