Ondarrutarrak eta EH Bilduko ordezkariak iazko azaroaren 4an hartu zuen Lea-Artibai Amankomunazgoaren lehendakaritza; ezkerreko eta bazterketa sozialak saihesteko politikak bideratuko dituela dio.
Lea-Artibai Amankomunazgoaren gidaritza emakume baten esku dagoen lehen aldia da. Zertan igarriko da aldaketa hori?
Lehenik eta behin, beti gizonezkoen gidaritzapean egon den erakundea emakume baten gidaritzara pasatze hutsa ereĀ urrats garrantzitsua dela deritzot. Botere postuetan ere emakumeek ardurak hartzea gero eta modu normalagoan gertatu beharko litzateke. Bidezkoena izateaz gain, egokiena ere bada; askoz emaitza aberatsagoak ematen dituzte gizon eta emakumeek elkarlanean lantzen dituzten dinamikek. Seguruenik aldaketa gauza txiki desberdinetan igartzen hasiko da, baina bat aipatzearren, ni neu, sarri-sarri, langilegoagaz modu zuzenean arituko naizela aipatuko nuke; nire erronka pertsonala izango da hurbiltasun hori lantzea.
Rakel Elu, Amankomunazgoaren sarreran,
Aurten, gainera, bai EH Bilduren eta bai EAJren hautagaiak emakumezkoak izan zarete. Zu zeu emakume zaren heinean, zelan baloratzen duzu hori?
Pauso garrantzitsua da hori niretzat; hemen gaude, eta gure balioa erakusteko prest gaude, ilusio osoagaz eta indar handiz kudeaketa ona egiteko prest. Hori bai, emakume zein gizon, era orekatuan eta partaidetzan oinarritutako lankidetzan aritu nahi dugu.
Zerbitzuen planifikazioaren eskumena berreskuratzea proposatu zenuten hauteskunde kanpainan. Zertan eragingo du horrek?
Berez, udalen ardura da bere eskumenekoak diren zerbitzuen plangintza. Hala ere, duela urte asko, udal ordezkariok amankomunazgoari utzi genion zerbitzu batzuen plangintza (gizarte zerbitzuak edo zaborrak) eta kudeaketaren ardura, zerbitzuen kudeaketan etekin hobeak ateratzeko asmoz. Hala eta guztiz ere, herri bakoitzak daki ondoen zeintzuk diren bere herritarrentzat eta herriarentzat programa edo antolaketa modu premiazkoenak. Nahiz eta planifikazio eskumena amankomunazgoak izan, oso garrantzitsua da herri bakoitzak zer dioen entzutea, eta hori kontuan izanda, amankomunazgoak ahalik politika baliagarrienak garatzea eskualderako.
Rakel Elu: “Zaborraren eztabaida soseguz bideratu beharra dago, testuinguruz kanpo atera barik eta politizatu barik”
Zaborrari dagokionez, gutxien kutsatzen duten eta aldi berean merkeenak izatera ailegatu daitezkeen sistemen alde egingo zenutela esan zenuten. Zein da zuen proposamena?
Aurreko legealdian, amankomunazgotik enpresa katalan espezializatua kontratatu genuen gure eskualdeko hondakin kontuen inguruko azterketa zehatza egiteko. Horrek utzitako emaitzak berriro ere Lea-Artibaiko herritar guztien eskura jarri beharko genituzke. Hondakinen arloan helburua izan beharko litzateke denon artean ahalik-eta birziklatze tasa altuena lortzea, eta horretarako bideak jarri beharko genituzke. Baloratu behar dena da zein den guretzat gutxien kutsatzen duen prozedura. Eztabaida hau soseguz bideratu beharra dago, testuinguruz kanpo atera barik eta politizatu barik.
Zer egingo duzue herritarrek amankomuazgoa gertuago sentitzeko?
Lehenik eta behin herrietara gehiago gerturatu. Herrietako udaletara, ikastetxeetara, anbulatorio eta unean-unean behar den leku guztietara. Bestetik, amankomunazgoaren egoitza nagusia Patrokua eraikinean dago, eta handik hainbat gauza lotzen dira. Baina zarratuta bezala ikusten da kanpotik, barruan langileak lanean egon arren; herriari gehiago ireki behar zaio.
Rakel Elu, Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidentea, bulegoan.
Lea-Artibain bi amankomunazgo egoteak ez duela laguntzen esan zenuten hauteskunde kanpainan. Bakarra edukitzearen alde egingo duzue? Zeintzuk pauso jarraituko dituzue?
Lea-Artibaik lursail zabala dauka bere osotasunean, baina bizilagun aldetik ez da eskualde handia. Azpiegitura alorrean premia handiak ditugu. Horrez gain, gure lehen sektoreak ere bultzada handia behar du, eta horretarako, azpiegitura horiek behar-beharrezkoak dira. Baina, esaterako, goragoko erakundeetara azpiegitura horiek eskatzera goazenean bananduta joaten gara; ahulago aurkezten gara elkarrekin joanda baino. Amankomunazgo bakarra edukitzea gaur egun ezinezkoa bada ere, gutxienez, eskuz esku lan egin behar dugu alor gehienetan, indar handiagoa edukitzeko.
Elu:”Errepideen egokitzapena eskualdeko herri guztietara hedatu behar da; bigarren eta hirugarren sektoreak indartu ere egin behar ditugu, eskuz esku lan eginez”
Zeintzuk dira eskualdean ikusten dituzuen beharrak?
Gure eskualdeak politika eraldatzaileak behar ditu, ezkerrekoak, hau da, herritarren bizi baldintzak duinduko eta hobetuko dituztenak. Garapen sozioekonomikoari dagokionez, lehen sektoreari begirune berezia jarri behar diogu. Baina bigarren eta hirugarren sektoreetan ere indarguneak baditugu eta bertako eragileekin eskuz esku lan egin behar dugu. Errepideen egokitzapena eskualdeko herri guztietara hedatu behar da. Kulturaniztasunari dagokionez, elkarreragineko topagune gehiago aurkitu behar ditugu. Azkenik, krisialdi ekonomikoaren aurrean ere izugarrizko erronka daukagu.
Aurreko galderagaz jarraituta, zeintzuk lehentasun ezarriko dituzue, eta zein lan ildo jarraituko duzue?
Lehentasun legez herrien artean elkarlanean aritzeko topaguneak bilatu eta elkarrekin helburu berak zehaztea dela azpimarratuko nuke, helburu sozialak, ekonomikoak, linguistikoak… hausnartu eta bideak martxan ipintzeko. Uste osoan nago sarritan herriok beharrizan oso antzekoak ditugula, eta gai askotan elkarregaz arituta irabazteko asko dugula uste dut.
Elu, Amankomunazgoaren kartelaren ondoan.
Turismoari dagokionez, eskualde legez, zelan landuko duzue?
Gure eskualdea ederra da, baina ederra izateaz gain euskalduna, lasaia, jatorra eta alaia ere bada. Umiltasunez, harro gaude daukagunagaz. Zer erakutsi asko daukagula pentsatzen dugu, baina ikara apur bat ere ematen digu daukaguna gehiegi partekatzeak. Gure ustez, turismo orekatua eta egokitua izan behar da gure eskualdekoa, geure izaeraren erritmoak errespetatzen dituena. Oso ondo legoke eskualdeko herrion artean turismorako plangintza polit bat bilatzeko gai izatea, herri bakoitza bere aldetik ibili ordez.
Elu: “EAJk eskaini zion EH Bilduri lehendakaritza bina urtean partekatzeko. Baina EAJ hamabi urtez egon da agintean, eta beste bi horiekin hamalau-bi izango lirateke”
Oposizioari zer eskatzen diozu? Zer nolako elkarlana edukitzea gustatuko litzaizuke?
Urte askotan ezker abertzalea erakunde honetatik kanpo egon da, gure herritik kanpoko botereek hala derrigortuta. Duela lau urte sartu zen EH Bildu amankomunazgoko egituran parte hartzera, eta ekarpen onuragarriak egiten saiatu da. Nire aldetik esku zabalik nago akordioetara iristeko, baina beti ere egia aurretik ipinita eta azpi jokorik barik. EAJk eskaini zion EH Bilduri lehendakaritza bina urtean partekatzeko. Baina EAJ hamabi urtez egon da agintean, eta beste bi horiekin hamalau-bi izango lirateke. Formula hori erabili zen duela urte asko, eta emaitza txarrak eman zituen. Ziur gaude lau urteko agintaldia dela bidezkoena proiektuei behar duten indarra eta egonkortasuna eman ahal izateko. Programa bateratuei buruz hitz egiten aritu gara alderdi nagusiok azkenaldian. Horiek dira adostu behar ditugunak, herritarren onurarako izango direlako, baina hitzetan galdu barik eta praktikara eramanez. Geure esku dago etorkizuna, denborak esango du bakoitzak zer eskaintzeko asmoa duen.
Politika eraldatzaileak, ezkerrekoak abiaraziko dituzuela diozue. Zertan igarriko da?
Gizarte politiketan sakonduko dugu, premia gehien daukatenen aldeko lana babestuaz eta ingurumenaren aldeko lana eginez. Euskararen erabilera plana ere geldirik dago oraindik, eta gure eskualdeari zor diogu ahalbait arinen martxan ipintzea.
Zuk zeuk, gizarte politikagintzan eta berdintasunean esperientzia daukazu. Alor horietan zein ekarpen egingo diozu amankomunazgoari? Zer dago hobetzeko?
Arlo bietan ibili naiz, eta badago zeregina. Berdintasun alorrean, gaur egun herri bakoitza badabil bere lana egiten, eta amankomunazgo legez, ahal dugun neurriko babesa emango diegu. Gizartegintzan oinarrizko gizarte zerbitzu sendoak eta herritarrentzat hurbilak izateko lana bideratuko dugu.