Iñigo Andonegik lortu du Mutrikuko Okelar anaiak lehiaketako txapela
Aner Peritzek lortu du, aldiz, gazte mailako Okelar anaiak bertso paper lehiaketako sari nagusia. Benita eta Bitore Maiz omenduen anai-arrebek hunkituta jaso dute oroigarriaMutrikuko Bertso Eskolaren eskutik, zapatuan banatu ziren 27. Okelar anaiak ber...
Aner Peritzek lortu du, aldiz, gazte mailako Okelar anaiak bertso paper lehiaketako sari nagusia. Benita eta Bitore Maiz omenduen anai-arrebek hunkituta jaso dute oroigarria
Mutrikuko Bertso Eskolaren eskutik, zapatuan banatu ziren 27. Okelar anaiak bertsopaper sariak. Guztira, zazpi sari banatu ziren, eta helduen kategorian sari nagusia Iñigo Andonegik lortu zuen. Gazte kategorian, aldiz, Aner Peritzen bertso sortak lortu zuen sari nagusia.Bertso eskolako kideek aurten jaso diren hamazazpi lanen kalitatea nabarmendu nahi izan zuten. «Jaso ditugun bertsoak oso onak iruditu zaizkigu, eta alde horretatik pozik gaude», adierazi zuen Unai Belaustegi ekitaldiaren gidariak.
Helduen kategoriako sariei dagokionez, aurten hiru sari banatu ordez lau banatu ziren. «Bertso sorta bat berandu jaso genuenez, ezin izan genuen besteekin batera kontutan hartu. Hori guztia gure akatsa izan zenez, pentsatu genuen ez zela egokia izango lehiaketarekin aurrera jarraitzea bertso sorta hori kontutan hartu gabe. Epaimahaia berriro batu zen, eta erabaki zuten horri ere saria ematea».
Ohi ez modura, sari banaketa egiteaz gain Modesto eta Roman Maiz Okelar anaiei omenaldia ere egin zitzaien, bertso bazkari eta guzti. 70 lagun batu ziren Galbaixo jatetxean egindako bazkaritan, eta giroa alaitzeko Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak gonbidatu zituzten.
Sari banaketa eta gero, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña gonbidatuek hainbat bertso abestu zituzten librean, han bildutako guztien gozamenerako. Tartean, Okelartarrak eta Okelar bertso sariko irabazleak hartu zituzten ahotan.
Oroigarri bereziak
Ondoren, Okelar anaien omenaldiaren tartea iritsi zen. Mutrikuko Bertso Eskolako kideek azpimarratu zutenez, omenaldia bertso paper lehiaketarekin batera egitea «aproposena» iruditu zitzaien. «Okelarrari aspalditik genbiltzan omenaldi bat egitekotan. Egun hau aukeratu genuen bertsolariak eta bertsozaleak batuta eurei omenaldia egiteko».
Lehendabizi bertso eskolakoek prestatu duten bideo berezia proiektatu zuten, eta azkenik, Benita eta Bitore Maiz Okelar anaien anai-arrebak han zeudela aprobetxatuta, harei ere oroigarriak banatu zizkieten. Maiz anai-arrebei errekonozimendu oroigarriak banatu zizkieten bertso eskolaren eta Mutrikuko Udalaren eskutik.
Azkenik, nahi izan zutenek kopla batzuk abesteko aukera izan zuten. Okelar anaiekin batera Santa eskean koplatatan aritutako Laxarok, Orlandok, Narbaizak eta Juan Mari Agirrezabalak horretarako aukera izango zuten, trikitilariak eta panderojolearen doinu alaiek lagunduta.
Eguna borobiltzeko, bertso bazkaritan parte hartu zuten Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak hainbat bertso abestu zituzten.