Iragarrita zegoen modura, gaur goizaldean olatuen tamaina nabarmen handitu da. Eta moiletan gogor kolpatzeaz gain, olatuek ibaietan gora egin dute. Ondarroan, esaterako, Artibai ibaian gora egin eta jolastontzietan kalteak eragin dituzte [ikus goiko bideoa]. Gaztetxean ere ura sartu da, eta baita ere Artibai kaleko taberna baten. Portuko aparkalekuan ere, urak gainezka egin du, eta hortaz, autoak lekuz aldatu egin behar izan dituzte.
Ondarroako portuan ere hainbat kalte gertatu dira: ontziak lotzeko txikotak apurtu dira eta urak portu erdia hartu du. Goizaldeko 03:00etatik aurrera, portuko behargin asko eta asko lanean egon dira.
Itsaso zakarrak, batez ere, goizaldean kolpatu du gogorren kostaldea. 05:00ak inguruan, esate baterako, olatuek portu gainetik gainez egin dute, eta itsasoak portua eta inguruak hartu ditu. Herrizaingo sailak olatu handiak dauden tokietara ez hurreratzeko gomendioa eman badu ere, askok ez diote gomendioei jaramonik egin, eta estualdi bateren bat edo pasa dute.
05:00etan, hondartza aurrean, Moby Dick taberna parean zeuden hiru pertsona, esaterako, urak harrapatu eta ia eroan egin ditu. Bestalde, goizean ere, kakaleku gainean jendea olatuei argazkiak ateratzen ere ikusi da, eta, nahiz eta hondartza musturrerako pasua galarazita egon, jendea paseatzen ikus zitekeen.
Horrez gain, gaueko olatu handiek portuko karro inguruko eraikinaren teilatua eta atea ere txikitu egin dituzte, eta aurrean pilatutako hondakinak eroan. Baina hori ez da itsasoak eragin duen kalte bakarra. Izan ere, olatuek Artibain gora hainbat kalte eragin dituzte. Pantalanetako lotune asko apurtu egin dira, eta Plaiko zubiaren parean lotuta zegoen Venus izeneko jolasontzi bat hondoratu egin da, txikotak apurtu ostean. Era berean, beste hainbat jolasontzik ere kalte nabarmenak jasan dituzte.
Alarma gorria amaituta, alerta laranja emana du Euskalmetek 07:00etatik biharko [otsailak 10] 06:00ak arte. Orduak aurrera joan ahala, itsasoa baretzen ari dela dirudi, eta ontziren batek edo bestek olatu handien artean itsasoratzea ere erabaki du Ondarroan.
Lekeition ere gorabeherak izan dira. Isuntza Arraun Taldearen Ekaitz elkartean, esaterako, itsasoaldiak kristalak apurtu ditu; itsasoa elkarte barrura sartu da. Elkartearen azpiko arrantza elkartean ere kalte handiak eragin ditu olatualdiak.
Olatu handiak, Mutrikun
Kostaldeko beste hainbat herritan gertatu modura, Mutrikun ere kalteak egon dira. Olatuek, adibidez, orain gutxi konpondutako dikearen harrizko hormaren zati bat hautsi dituzte, baina horrez gain, beste hainbat kalte eragin dituzte. Dikera doan pasealekuko lurreko baldosa ugari bere tokitik atera ditu urak, eta olatuaren indarrak behengainea ere zartatu dute hainbat tokitan. Udaltzaingoak aurreratu duenez, marea goran izan litezkeen kalteak ekiditzeko, hainbat toki itxi egingo dira.
Portu inguruaz gain, Saturraran hondartzan ere beste hainbat kalte izan dira. Tabernara, esate baterako, ura sartuda, eta edukiontzi asko lekuz kanpo ere agertu dira.
Olatuek ez eze, haize zakarrak ere beste hainbat gorabehera eragin ditu. Ondarroan, esate baterako, eucalipto zuhaitz bat bota du haizeak Kamiñalde inguruko aparkaleku inguruan, baina ez du kalterik eragin. Mutrikun, aldiz, Laranga bidean zuhaitz bateko adar handi bat erori da errepidera, eta ondorioz, bidea itxita egon behar izan du ordu batzuez. Udal brigado langileek zuhaitz tokirik kendu ondoren, bidea zabalik geratu da.
ATZOKO GERTAERAK
Ondarroako Arrigorri hondartzaren eta Mutrikuko Saturraranen artean dagoen Arbide pasealekua itxi egin zuten [otsailak 8], olatu handiak zirela eta.
Dena dela, herritar batzuk ez zuten seinalizazioa errespetatu eta atzo [otsailak 8] arratsaldean, esaterako, pasealekuan egon ziren, olatuak ikusten, eta jolasean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.