Sinadura bilketa Internet bidez ari dira egiten.
Sinatzaileek, zubi birakaria zabaltzeko egin beharreko konponketak egiteko eta ostean horren mantenua bermatzeko eskatzen diote Ondarroako Udalari.
Duela egun batzuk hasi zuen sinadura bilketa herritar batek, eta momentuz
440 herritarrek sinatu dute. Horrez gain, hainbat iruzkin ere egin dituzte. Horietan, zubia ondare historikoa dela eta ezin dela desagertu esatetik, Ondarroaren ikurretatako bat dela esatera ere ailegatu dira herritarrak. “Dagoen zubi birakari bakarra da eta ezin da alperrik galtzen utzi”.
Adituen txostena, iaz
Iazko azaroan, esaterako, udalak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak 1927. urtean eraiki zen zubiaren egoera zelakoa zen jaso zuen txosten batean. Haren arabera, Plaiko Zubiaren egitura nahikoa kaltetuta dago. Hala, epe ertain batean igarobidearen egitura sendotzea gomendatu zuten. Ostera antzean, “egitura
erortzeko zorian” egongo litzatekeela dio txostenak. “Zubiaren erabilerak epe motz batean ez dirudi arazorik emango duenik, baina kalteak konpondu eta oztopoak kentzea beharrezkoa da”.
Plaiko Zubia, 75. urteurrenean zabaldu zenean, 2002. urtean. Argazkia: Bol&eri
Zubia, berez, iazko Ondarearen Europako Jardunaldien barruan ireki nahi zuten, baina bere egoera ikusita, ez irekitzeko gomendatu zuen txostenak eta horrela egin zen.
Arkitektuek eta adituek
hainbat akats eta kalte daudela ziurtatu zuten. Alde batetik, Artibai ibaiko ertz bietan egin diren azken hirigintza lanek zubia irekitzea oztopatzen dutela ondorioztatu zuten. “Ibaiaren ezkerraldean dagoen Alamedako igarobideak ezinezkoa du ustezko edozein mugimendu egitea, zubiaren alde horretako oina plazaren barruan txertatua dagoelako”. Adituek gaineratu dutenez, Artibai ibaiaren eskuineko ertzean ere, antzekoa gertatzen da.
Horrez gain, ugarrak janda dauden puntuak ere ugariak direla esan zuten.
Zubian egin beharreko
mantentze lanak ere “beharrezkoak baino gutxiago” izan direla dio txostenak.
Etorkizunean zubia martxan ipintzeko aukera galdu nahi ez baldin bada, hainbat neurri hartzea gomendagarria dela diote adituek. Alde batetik, bira egiteko mekanismo guztiak zaharberritu beharko lirateke. Bestetik, ibaiaren ertz bietako oinak lehen zeuden erara uztea gomendatu zuten, eta aldi berean, biraketa galarazten duten elementu guztiak kentzea.
2002an, zabalik
Herritarrek zubia zabalik ikusi ahal izan zuten azken aldia 2002. urtean izan zen. Urte horretan, maiatzean, Plaiko Zubiak 75 urte bete zituen eta zabaldu egin zuten –urteurrena baino aste bat beranduago zabaldu zuten, giltza lortu eta gero–. Hilabete beranduago, Sasoire plataformak Kepa Badiola preso ohia Espainiara bidali behar zutela eta, salaketa egiteko zabaldu zuen zubia. Ordutik, ez da gehiago zabaldu.
75. urteurrenean egindako ekintzaren argazki galeria (2002. urtea)