Geologoek egoerak okerrera egin duela jakitera eman dute gaur [martxoak 11] iluntzean. Eta hasiera baten etxebizitza gehiago hustutzeko asmorik ez bazegoen ere, erabakiz aldatu eta orain arte kaltetutako etxearen aurreko aldeko etxeak ere husteko esan dute; 11 atari dira hustu dituztenak (92 etxebizitza). “Geologoek uste zuten lur jausia bakarrik alde batera zetorrela. Orain, lur jausia zabaldu egin daitekeela uste dute; mendia desegonkor dago. Mendia gainera etortzeko aukerak gehitzen doaz“. Etxe horietako bizilagunek gaur bertan [martxoak 11] utzi dute etxea.
San Inganzio kaleak, eguerdiaz geroztik, itxita jarraitzen du.
Zehatz esateko, Zamora taberna paretik Kamiñazpiko biribilgunera arteko atari guztietako bizilagunek utzi behar izan dute etxea. Halaber, lehendabizi kaltetutako etxearen aldamenean, Kamiñazpirantz, dagoen etxea ere hustu egin dute.
Beraz, guztira, 176 etxebizitza dira lur jausia dela-eta hustu dituztenak.
Etxebizitzetako bizilagunak, etxeak husten.
Etxeak husteko Gurutze Gorria, Udaltzaingoa eta Ertzaintza egon dira lanean. Materiala non eraman ez zuten bizilagunek kamioietan eta furgonetetan sartu dituzte euren gauzak.
Gaua non pasatu ez dutenei, Zaldupe kiroldegiko kantxan lo egiteko aukera eskaini diete; herritarrik ez da geratu bertan lo egiten.
Anbulantzia eta udaltzaina, San Inazio kalean.
Geologoek azken erabakiaren berri eman aurretik, baina, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak adierazi du bihar [martxoak 12] 46A eta 46B atarietako bizilagunek euren etxeetara sartu eta gauza batzuk hartzeko aukera edukiko luketela. “Hori posible izango da egoerak okerrera egiten ez badu”. Etxeetara sartu ahalko balira, 11:30ak aldera izango zen hori, suhiltzaileen laguntzagaz egingo lukete.
Kalea istearen zergatia
Gaur goizean, geologoek tamaina handiko harria erortzeko arriskua esan dutela eta, udalak kalea isteko erabakia hartu du. Azkenean, harri hori 15:00ak aldera jausi da. “Kalea itxi da, izan ere, harri handiak eraikinean dardara eragin ahal zuen, eta balkoiek kristala dutenez, kristalak apurtu ahal ziren”.
Harri handi bat, jausita; etxebizitzak dauden eraikina ikutu du.
Laguntzak: etxebizitza hutsak eta laguntza psikologikoa
Lur jausiaren arazoak “luze” joko duela diote. “Hau hilabeteetako kontua izan ahal da”. Horregatik, etxe hutsak dituzten herritarrei udalagaz kontaktuan jartzeko eskatu du, beste behin ere, Bedialaunetak. “Momentuz hiru etxebizitza agertu dira”. Rakel Elu ongizateko zinegotziak ere jakitera eman du Alokabiderekin eta Etxebiderekin ere harremanetan daudela eta datozen egunetan batzarrak egingo dituztela. “Gurutze Gorriaren bidez, laguntza psikologikoa ere emango diegu hustu diren etxeetako bizilagunei”.
Alokabideko eta Etxebideko arduradunek, hain zuzen, etxerik barik geratu diren herritarrentzako konponbidea bilatzeko konpromisoa azaldu dutela gaineratu dute. “Beharrizanen arabera, posible den neurrian, etxea behar dutenei konponbidea bilatzen saiatuko gara”, gaineratu du Bedialaunetak.
Ezkerretik eskumara, Rakel Elu (zinegotzia), Zunbeltz Bedialauneta (alkatea) eta Leire Beitia (zinegotzia).
Gaur kaltetuekin egindako bileran, fitxa bana eman diote etxebizitza bakoitzeko familia bakoitzari. “Astelehenean gizarte zerbitzuetatik auzokide guztiei deituko zaie, eta bilera batetarako data emango zaie; bakoitzaren kasua aztertuko da. Horrela, auzokideen errealitatea gertuagotik ezagutu ahalko dugu, bilatu beharreko konponbidea ere neurrikoa izan dadin”.
Bide batez, kaltetuentzako arreta zerbitzua martxan dagoela ere gogora arazi dute udal ordezkariek. “Zalantzak argitzeko edo laguntza eskatzeko, 08:00etik 15:00etara idazkaritzan arreta eskaintzeko bi pertsona egongo dira (94-683 36 76). Orain arte pertsona bakarra egon da”.
Aurreko albisteak ikusi:
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.