Bizkaiko suhiltzaileek jakitera eman dutenez, Egidazu kaian dagoen Santa Klara izotz fabrikan gertatu da leherketa, amoniako isuriagatik. Bi pertsona hil dira. Momentuz bi pertsona hil dira (J.E. eta A.B.). Hasiera baten hirugarren pertsona bat desagertuta zegoela esan badute ere, lantegiko beharginek jakitera eman dute momentu horretan barruan bi langile zeudela.
Larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez, konpresore baten leherketa gertatu da, eta horrek amoniakoren isuria eragin du, 14:30ak eta 14:45ak bitartean.
Bertan daudenek diotenez, “amoniako usaina” dago portuan. Momentuka, gainera, ertzainak segurtasun kordoia zabaltzen joan dira, eta inguruko enpresetako langileak ere beharretik atera dituzte, amoniakoa arnasteko arriskua zegoelako.
Biktimen senide batzuk ere porturatu dira. Eta Gurutze Gorriko kideak horiek artatzen ari dira Santa Klara kofradiako bigarren solairuan prestatutako gela baten; laguntza psikologikoa ematen ari dira.
Ertzainak, izotz fabrika parean.
Portuan bizi direnek jakitera eman dutenez, leherketa apartetik entzun da. Izotz fabrikaren alboko eraikinean bizi den bizilagun batek nabarmendu duenez, leherketaren unean fabrikako leihoen kristalak ere hautsi dira. “Eztanda entzun orduko, amoniako usain handia zabaldu da inguruetan. Hamasei urte daramatzat hemen bizitzen, eta horrelakorik ez dut sekula ezagutu”, aipatu du.
Inguruko enpresetan lan egiten duten hainbat langile ere, laguntzera sartzen saiatu badira ere, ezinezkoa izan dela azpimarratu dute. “Amoniako usaina jasanezina zen”.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak jakitera eman duenez, 14:45ean deitu diote udaltzainek, portuan eztanda handi bat egon dela esanez. “Bi aldiz pentsatu barik etorri gara portura, eta izotz fabrikara sartzeko aukera eduki dugu; oso-oso gogorra izan da“.
Bide beretik, Udalak elkartasuna adierazi die istripuan hildakoen senideei, eta bi eguneko dolua ezarri dute. Horren harira, bihar [martxoak 15] ez ohiko batzarra egingo da udaletxean, “leherketa dela eta, herrian egin eguneko dolua izendatzeko”. Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazpena irakurriko du bertan eta alderdi guztiek adierazpen horrekin bat egiteko eskaera egingo da.
Suhiltzaileak, komandantziko eraikinaren parean. Argazkia: SOS deiak.
Ondarroako Udaleko ordezkariak, Zunbeltz Bedialauneta buru zutela ere han egon dira. Eurekin batera, Unai Urruzuno EH Bilduren legebiltzarkidea, Angel Toña Gizarte Politiketako sailburua eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria, Eusebio Arantzamendi kofradiako presidentea ere izan dira.
Gizarte Politiketako sailburuak ere elkartasuna adierazi nahi izan die hildakoen familiei eta lagunei. «Maitasuna eta gure sentimendu guztia adierazi nahi diegu. Ondarroan aurreko astean gertatutakoak oraindik gainean ditugu, eta oraingo gertakaria, are eta gogorragoa izan da».
Bestea alde batetik, HITZAk jakin ahal izan duenez, gaur goizean galdarak garbitzen ibili dira izotz fabrikan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.