Ondarroako Udalak atzo [martxoak 18] lur jausiak kaltetutako bizilagunekin Santa Klara kofradian izandako bileran jakitera eman zuenez, hondeamakinak
egunean 20 orduz ariko dira Kamiñaldeko mendian beharrean.
Gaimaz, Geotunel eta Moyua dira lanean ari diren enpresak. Guztira
500.000 metro kubiko lur mugituko dute, eta kentzen dutena mendiaren beste magalean kokatuko dute. Lanek iraun bitartean, herritarrek ez dute beraien etxebizitzetan gauzak hartzera sartzeko aukerarik edukiko. “Makinak lanean dauden bitartean arriskutsua da jendea etxeetara sartzea; harriak mugitu egin ahal dira. Beraz, denbora batez behintzat, ezin izango da berriro etxebizitzetan sartu”, azaldu zuen Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.
Ehunka lagun izan ziren Santa Klara kofradiako bilera aretoan bildu zirenak. Eta udal ordezkariek, eskerrak eman nahi dizkiete herritarrei, egoera gogorra izanagatik ere, “erakutsitako jarrera apalagatik”.
Kaltetuekin udalak Santa Klara kofradian egindako bilera.
Beste alde batetik, Alokabide ere aste honetan elkartu da kaltetu guztiekin eta larrialdi egoeran dauden herritarrei “hainbat arinen” etxebizitza aurkituko zaiela aurreratu dute. Momentuz, orain, herritarrek utzitako etxebizitzak aztertzen eta baliabideak behar dituztenei eskaintzen jarraituko dutela esan dute.
Horri lotuta,
inguruko herrietako udalek ere euren herrietan etxebizitza hutsak lagatzeko deia egin dute. Eta Ondarroako Udalak ahalegin hori txalotu nahi izan du. “Eskualdeko herri guztietan ari dira eskaria egiten”.
Hondeamakina bat, mendiaren goiko aldean, lurra kentzen.
Mendiari dagokionez,
datorren astean lanean aritu den
geologo taldearekin bilduko dira udal ordezkariak, eta ondoren geologoek azaldutakoa herritarrei jakinaraziko zaiela aipatu zuten atzoko bileran.
[Gai honekin lotutako ALBISTE GUZTIAK, BIDEOAK eta ARGAZKI GALERIAK]