Ondarroako
Lanbideko bulegoak eskaintzen duen zerbitzua ordezkatzeko asmoz, bulego mugikorrak ipini dituzte kiroldegi parean. Izan ere, Kamiñaldeko lur jausia dela eta, San Inazio kalean zegoen bulegoko zerbitzua eten behar izan zuten.
Lanbideko bulego mugikorrak, Zaldupen
Udalak jakitera eman duenez, zerbitzua aste honetan hasiko dira ematen,
08:30etik 14:00etara. “Oraindik bulego mugikorrak prestatzen ari dira, eta arduradunek ezin izan dute zehaztu bihar [apirilak 5] edo etzi [apirilak 6] hasiko diren zerbitzua eskaintzen, baina aste honetan martxan egoteko asmoa dutela argitu digute”.
Kamiñaldeko mendi magalari dagokionez, lanak “martxa onean” doazela iragarri dute. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, makinak egunean 20 orduz ari dira lanean, lurra mugitzen.
Kamiñaldeko mendi magaleko beharrak
Hain zuzen ere, behar horiek zelan doazen argitzeko, udalak eta mendian beharrean ari den teknikari taldeak batzarra emango du
apirilaren 15ean, 17:00etan, Santa Klara Kofradian. Herritar guztiei zuzendutako batzarrean, Kamiñaldeko lur jausiaren inguruko informazioa emateaz gain, Alokabideko etxeen kudeaketari buruzko informazio gehiago ere emango dela ere aurreratu dute. “Herritar guztioi eragiten digu egoera honek eta horregatik bilera herritar guztiei zabalik egongo da” azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.
Bileraren xedea teknikariek luperiari konponbide bat emateko zehaztutako proiektua azaltzea izango da.