San Ignazio kaleko 40A ataritik 46B atarirainoko bizilagunek osatzen duten gestorak agerraldia egin du gaur goizean [apirilak 16] San Inazio kalean bertan. Gestorako bozeramaile Aiert Etxanizek etxeak laga behar izan zituztenetik 40 egunera oraindik ere familia gutxi daudela birkokatuta esan du. “Aldundiari eta Jaurlaritzari
bitarteko gehiago jartzeko eskatzen diegu, jarritakoak ez dira nahikoak. 200 familitik 14 daude birkotatuta (beste 13 zain daude). 200 familia kanpoan egonda, beste horrenbeste ari dira guri laguntzen, eta zama eusten. Beraz, guzti honen ondorioak jasotzen ari garenak 200 baino gehiago gara”.
Alokabideren lan erritmoa jarri dute kolokan kaltetuek. “Ezin dena izan da, mendian lanean ari direnak jo eta ke aritzea, eta Alokabide ohiko erritmoan aritzea. Arduradunei eskatzen dieguna da bitarteko gehiago jartzeko eta mendian lanean ari diren langileen martxa hartzeko”.
Eusko Jaurlaritzaren
Pertsona helburu leloa hartuta, Etxanizek eurak ere pertsonak direla esan du. “Aspaldian asko entzuten ari naiz ‘
Pertsona helburu‘ leloa. Gu pertsonak gara, beraz, erantzun dezatela”.
San Inazioko kaltetuen agerraldia.
Herrian borondate ona erakutsi duenei
eskerrak eman nahi izan dizkiete kaltetuek. Eta gaur agerraldia egin duten modu berean, aurrera begira ere hor egoten jarraituko dutela diote. “Gu larrialdi egoera baten gaude. Eta ondo egiten dena esango dugun modu berean, txarto egiten dena ere salatu egingo dugu. Hemen egongo gara bultza egiten”.
Bide beretik, herrian etxebizitza hutsak dituztenei ere mesedez horiek lagatzeko eskaera berretsi du Etxanizek. “Hau edonori gertatu ahal zaio”.
San Inazio mendi azpixan izena jarri diote gestorari. “Martxoaren 8an atera ginen gure etxebizitzetatik. Eta 40 egun beranduago,
ez dago dena ondo. Dena ondo egongo da guztiok geure etxebizitzetan, San Inazio kaleko geure etxebizitzetan sartzen garenean”. Guk alde teknikoa ulertzen ez badugu ere, geologoek esandakoen arabera, “mendian topera ari dira lanean, eta haiei utzi egin behar diegu”.
Halaber, udal taldeko kideak ere “gogor” lan egiten ari direla esan badu ere, egoerari erantzuteko “nahikoa bitarteko” ez dituztela esan dute.
Etxanizekin batera egon dira agerraldian San Inazioko beste hainbat eta hainbat kaltetu ere.
Zumarraga aldean bizi duten egoeraren jakitun, Ondarroako kaltetuek ere euren elkartasuna adierazi nahi izan diete Arcelor Mittal enpresaren itxieraren harira kaltetutakoei. “Guri ere elkartasuna adierazi ziguten modura, guk ere adierazi egin nahi diegu”.
[INFORMAZIO GUZTIA] Ondarroako Kamiñaldeko lur jausia: albisteak, bideoak, argazki galeriak…