Ondarru Zero Zamar taldeak dio 2015ean hondakin kopuru gutxi birziklatu zela
Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, iaz, 2.899.981 kilo hondakin sortu ziren Ondarroan. Horietatik 2.112.838 kilo zamar erretzera eta zabortegira bideratu ziren, 757.143 birziklatzera eta 30.000 kilo konpost bihurtu ziren (gutxi gorabehera). Beraz, sortutako hondakin kopuru osoaren %27,1 bideratu ziren birziklatzera, eta %72,9 erretzera eta zabortegira. “Txarrena da, erretzera bideratu ziren hondakin asko birziklatu edo konpost bihurtu ahal zirela”, azaldu dute Ondarru Zero Zamar taldeko kideek.
Lea-Artibai Amankomunazgoak emandako datuen arabera, eskualde mailan ere egoera antzekoa dela gaineratu dute. “Hondakinen %73 erretzera eta zabortegira bideratu ziren”.
Datu horien aurrean, hondakin kopuru horiek erretzera eta zabortegietara bideratzean “material asko alperrik galtzen” direla azaldu dute Ondarru Zero Zamar taldekoek. “Bizkaiko zabortegiak zamarrez eta errautsez betetzen ari gara, eta opari hori gure seme-alabei utziko diegu”.
Horrez gain, “dirua alperrik galtzen” ari dela diote. “Zamarrak erretzearren ordaindu egin behar da, eta birziklatzen dena saldu egiten da. Hain zuzen ere, birziklatzetik jasotzen den dirua hondakinen bilketa merketzeko erabiltzen da”.
Errealitate horren aurrean, egoera aldatzeko garaia dela dio taldeak. “Gehiago birziklatu behar dugu. Gure osasunarentzat onagoa delako, poltsikoan ere igarriko dugulako eta gure seme-alabek eskertuko digutelako”.