Salegi eta Aizpurua, Plazatik Gaztetxerako garaile
Aitor Salegik eta Antton Arizpuruak jantzi dituzte XV. Plazatik Gaztetxera sariketako txapelak. Zapatuan ospatu zen Plazatik Gaztetxera txapelketako finala, Mutrikuko gaztetxean. Egun osoko festaren ostean lehiatu zen finala.12:00etan batu ziren bertso...
12:00etan batu ziren bertsozaleak Mutrikun, eta trikitilari eta bertsolarien laguntzarekin egin zuten eguerdiko poteoa. Ondoren, bazkaria eduki zuten gaztetxean, eta saioa hasi aurretik jolasean aritu ziren.
Bikoteka aritu dira orain arteko kanporaketetan, eta hala egin zuten zapatuan ere. Guztira, 64 bertsolarik hartu dute parte txapelketan. Finalean Eli Pagolak eta Iñigo Zubiaurre Beitxik, Aitor Salegik eta Antton Aizpuruak, Maider Arregik eta Gemma Urteagak eta Maddi Sarasuak eta Manex Astigarrak kantatu zuten.
Agur ezin originalagoekin hasi zuten saioa, Arregik eta Urteagak elizkizun txiki bat ere eskaini zutelarik, eta umorea izan zen nagusi, bereziki, kopletako ariketetan. Bertsolariek euren burua defendatu behar izan zuten hiru gaitan: Nork ez ditu tragoak gonbidatzen gaztetxeko barran lanean dagoenean; Nork ez du inoiz kopiatu azterketetan, eta Nork ez du inoiz sexu harremanik eduki. Bakarka ere fin aritu ziren bertsolariak; zortziko txikian, hamarreko txikian eta puntu erantzunak ere egin zituzten.
Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre Beitxi, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua pasatu ziren buruz burukora. Seiko motzean ofizio bat eta kartzela egin zituzten.
Dotore aritu ziren bertsolariak, eta jendea gustura geratu zen. Gaztetxea goraino bete zen.