Roal CB enpresako langileak: 8 orduko lanaldia 800 euroren truke
Roal CB enpresako langileak gara. Gure enpresan Cikautxorentzako piezak egiten ditugu eskualdeko beste hainbat enpresetan moduan.
Cikautxoko azpikontrata guztietan bezala, Kimiketako estatu-hitzarmena ezarri behar digute (ez dago herrialdekoa). Lan-hitzarmena, izatez, ez da txalotzekoa, baina zoritxarrez, hori ere ez digute aplikatzen. Hitzarmenak ezartzen duena baino 400€ gutxiago eramaten ditugu hilero etxera; pentsa, Errentako deklarazioa ere ez dugu egin behar gure soldatengatik! Ez dago eskubiderik! Eta ez gara Cikautxoko azpikontratetan pobreziara kondenatuta gauden langile bakarrak.
Aurreko urteko udazkenetik Roal enpresako bi enpresariekin eta Cikautxorekin harremanetan egon gara gure egoera aldatu nahirik. Hainbat bilera egin ditugu. Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanetarako Kontseiluaren tartekaritza ere eskatu izan dugu akordio batera heldu ahal izateko; eta azkenean, utzi diguten aukera bakarra borrokarena izan da: borroka judiziala eta kaleko salaketa publikoa.
Langileok gure soldatarekin bizi ezinik egon garen bitartean, Roal CB enpresako bi jabeak, etxeak, pabiloia, automobilak,… erosi ahal izan dituzte. Baina orain, aski dela esan dugu. Azken urte eta erdian lan asko sartu bada ere, enpresariak berdinean mantentzen dira. Nahikoa da! Gure pazientzia bukatu da. Diru asko zor digute txarto ordaindutako soldata guztiengatik, eta oraindik ere, hilero hilero 400€ gutxiago ordaintzen digute. Gure izerdiarekin egindako lanaren ordaina nahi dugu, hitzarmenak ezartzen duena gutxienez; eta lortzera goaz!
Azken urte hau gogorra izan da. Enpresariak konturatu zirenean gure eskubideen defentsan tinko geundela jarrera gogortu dute: itxiera mehatxuak mahai gainean astero jarriz; kazikismoa praktikan jarriz lan-orduetan; tratu eta begirada txarrak eskainiz langileei; etab. luzea. Baina gu hemen jarraitzen dugu, tinko.
Langileak gara eta harro gaude! Gogorra izan da, bai, azken urtea. Baina era berean, langileontzat aberasgarria izan da. Gure artean batu gara, erasoen aurrean elkarrekin erantzun dugu, inposaketen aurrean tinko jarri gara, ordu estrei ezetza eman diegu, lan-egutegian gure oporraldiagatik borrokatu dugu,…Batasunak eta elkartasunak ematen digu indarra, kontziente gara horretaz, eta horretaz baliatuko gara gure eskubideen defentsan. Gora langileon borroka! Roal CB enpresan hitzarmena orain!
Lurdes Salegi, Roal CB-ko LABeko ordezkaria, enpresako langileen izenean.