Mendian egiten ari diren lanez gain, lur jausiak eragindako beste kalte batzuk ere ordaindu behar dira. Eta Ondarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, 17 miloi euro beharko dira guzti horretarako. “Hasiera-hasieratik Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Jaurlaritzagaz bilerak egiten saiatu gara. Aldundikoekin bi bilera egin ditugu eta
Jaurlaritzarekin ezin izan gara
batu, guk jarritako hitzorduak behin eta berriro atzera bota dituzte”, esan zuen atzo [ekainak 3] herritarrekin egindako bileran Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak.
Ondarroako Udalak lanen kostua ezin duela bere gain hartu azaldu zuten. “Kopuru handiaren inguruan ari gara berbetan, Ondarroako Udalaren urteko aurrekontua horren erdia baino ez da”. Errealitate horren aurrean, Jaurlaritzarekin biltzeko saiakerak egiten jarraituko dutela agertu zuten. “Ez dugu amore emango eta Jaurlaritzarekin elkartzeko saiakerak egiten jarraituko dugu”.
Lanak orain arteko martxan jarraitzen badute, bi hilabateko epean San Inazio kalea zabaldu eta bizilagun batzuk etxebizitzetara bueltatu ahalko dute
Beste alde batetik, Ondarroako Udalak San Ignazio kaleko etxebizitzak egin arteko lanak nola egin ziren aztertzeko enpresa bat kontratatu du. Horretarako, etxeak egin aurreko lan horiei dagozkien dokumentuen espedientea osatu dute, eta falta diren dokumentuak eskatu. Eta hain zuzen ere, gertatutakoa argitzeko, dokumentazio hori guztia aztertuko du kontratatu duten enpresak. “Zer gertatu den dakigunean herritarrekin bilduko gara”.
Lanei dagokienez, mendiko lanak “martxa onean” doazela eta horrela jarraituz gero,
bi hilabeteko epean San Inazio kalea zabaldu ahalko dela gaineratu dute. “Kalea zabaltzeaz gain,
bizilagun batzuk etxera bueltatu ahalko dute”.
Bestetik, Alokabidek
bizilagun gehienei etxebizitzak esleitu dizkiela esan zuten. “Ondorioz, aurrerantzean astean egun batez egongo dira Maskulu Etxeko bulegoan”
Herritarrekin bilerak. Barikuan [ekainak 3] egin modura, aurrerantzean ere tarteka-tarteka herritarrekin biltzen joango direla agertu dute udal ordezkariek. “Premia dagoen guztietan herri batzarrak egin ditugu eta egingo ditugu”. Horrela, gai honen inguruko informazioa elkartrukatu, eta herritarren iritzi eta kezkak jasoko dituztela diote. Bide beretik, Saiñazio mendi azpixan gestorarekin astero egindako bilerak ere positiboki baloratu dituzte. “Aberasgarria da kaltetuekin zuzeneko harremana izatea; beraien kezka eta ardurak lehenengo eskutik ezagutzen ditugu”, gaineratu zuen atzoko bileran Eneritz Basurko Hirigintza zinegotziak.
Gestoraren agerraldia, ekainaren 11n. San Inazio Mendi Azpixan gestorak ekainaren 11rako iragarri du beste agerraldi bat. 11:00etan San Inazioko biribilgunean biltzeko deia egin diete auzotarrei.
Aurretik egindako agerraldian egin modura,
gorriz jantzita agertzeko deia egin dute.
[INFORMAZIO+] Bideoak, argazkiak… Orain arteko materiala