Ezusteko eta guzti erabaki da aurten Ondarroako XXI. Triatloia. Probako antolatzaileek nabarmendu dutenez, korrikako zatian erabaki dira Ibone Sanchez eta Alberto Diaz Gerardo Saiz X. memorialeko irabazleak. 1,5 kilometro igeri, 35,5 kilometro bizikletan eta 10,2 kilometro korrika egiteko 02:09:57 eta 01:55:04 behar izan zuten, hurrenez hurren.
Ondarroako triatloiko parte hartzaileak, azken zatian korrika
Emozioz betetako lehia ikusteko aukera egon zen emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan.
Nesken kasuan, esaterako, lehen bi sailkatuak nahikoa parekatuta ibili ziren. Ibone Sanchezek eta Helene Alberdik batera amaitu zuten bizikletako zatia, eta korrikako azken metroetan erabaki zen lehia; Sanchezek Alberdiri ia minutu bateko aldea atera zion. Hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatuek ere handik gutxira egin zuten bizikleta aldaketa, eta haien arteko lehia ere oso handia izan zen. Hirugarren sailkatua, berriz, Estefania Gomez izan zen (02:13:33), eta Mireia Arrillaga Garraitzeko triatleta podiumetik kanpora geratu zen, gutxigatik. Gomez baino 14 segundo beranduago sartu zen helmugan.
Gizonezkoen kasuan ere triatloi olinpikoa oso lehiatua egon zen; hamar bat triatletak batera amaitu zuten bizikletako zatia, eta korrika erabaki zen txapelduna, azken metroetan. Alberto Diazek 48 segundoko abantaila lortu zuen Urko Herran bigarren sailkatuarekiko. Hirugarren sailkatua, ostera, Ander Lazkano izan zen. “Irabazlea ez zegoen faboritoen artean, baina korrika oso ondo moldatzen denez, ezustekoa eman, eta berak lortu zuen txapela”.
Alberto Diaz eta Ibone Sanchez, triatloiko irabazleak. Argazkia: Koaxi S Concept
Berriatuko Irati Etxaburu eta Markina-Xemeingo Zorion Kareagak ere emaitza ona lortu zuten proban. Biak ala biak bederatzigarren postuan amaitu zuten triatloia.
Taldeei dagokienez, Gazteizko Araba-Tri izan zen talderik onena nesketan, eta Saltoki Trikideak talde nafarra izan zen onena, mutiletan.