Jon Iriondo: “Kontxan ez dugu ezer galtzeko, eta dena ematera irtengo dugu”

Kontxako sailkapen estropada eta San Miguel ligaren igoera kanporaketen atarian elkarrizketatu du HITZA-k Jon Iriondo Anakabe (Ondarroa, 1976) Ondarroa Arraun Elkarteko entrenatzaile eta arraunlaria. Orain arteko marka guztiak hautsita, KAE 1 ligako onena izan da Antiguako Ama, eta jokoan egon diren 14 banderetatik 12 eskuratu dituzte ondarrutarrek. Iriondo pozik dago taldeak lortu dituen emaitza onekin, eta denboraldia borobila izan dela nabarmendu du.

Azkar esaten baldin bada ere, 15 estropadatik 13 irabazi dituzue. Horrelakorik espero zenuten?
Denboraldi-aurreko estropadetan nahikoa ondo ibili ginen, eta KAE 1 ligan ere ondo moldatzea espero genuen, baina ez genuen hain ondo ibiliko ginenik espero.  Hasiera batean sinistezina iruditzen bazitzaigun ere, azkenean hor goian geundela sinistu dugu, eta horrek guztiak asko motibatu gaitu goian jarraitzerako orduan.

Jon Iriondo 'Antiguako Ama' trainerua sorbalda gainean hartuta

Jon Iriondo ‘Antiguako Ama’ trainerua sorbalda gainean hartuta

Zein izan da zuen sekretua?
Garaipen horien guztien atzean lan gogorra besterik ez dago. Mutilek dena eman dute, eta asko entrenatu dugu. Negua, esate baterako, oso gogorra izan da, eta arraunlariak ere asko zaindu dira: gimnasioan lan handia egin dugu, kilometro asko egin ditugu bai ergometroan bai uretan ere, eta arraunlariak ere igoera lortzea posible zela sinisten joan dira. Aurretik ere taldeak lan handia zuen eginda, eta hori ere igarri egin dela uste dut.

Zer eratara?
Nire aurretik Gotzon Arrasate eta Jon Lete aritu ziren entrenatzaile lanetan, eta horiekin hasitako talde handi bat, sei edo zazpi bat arraunlari, hor mantendu dira azken urteotan. Arraunlari horiek talde barruan hazten joan dira, eta orain, aurretik egindako lan horren guztiaren fruituak jasotzen ari gara.

Aldagelan ere giro ona daukazuela agerian da.
Hori ere aipagarria da. Kuadrilla baten modukoa gara, bai onerako eta txarrerako. Denboraldi erdian, esaterako, istripu bat eduki genuen. Zailtasunen aurrean taldea noraino batuta dagoen ikusi ahal izan nuen. Hurrengo egunean denok entrenatzen jarraitu genuen, eta asteburu horretan jokoan zeuden bi banderak ere irabazi genituen. Horrelako gertaeren ostean zelako giro ona daukagun agerian geratzen da, eta hori ere gure arrakastaren sekretuetako bat dela esango nuke.

Txarto ez banabil, errekorra ere bete dugu: bigarren sailkatuari inoizko abantailarik handiena atera diogu, eta horrek ere gure alde asko esan nahi du

Ba al dauka zerikusirik zu ere eurekin batera arraunean egoteak?
Norbera ere arraunlariak beste ari da entrenatzen, eta momentu guztian trainerua zelan doan dakizu. Era berean, hainbat urtean lortutako esperientzia hori ere lagungarria izan dela uste dut.

Denboraldiaren inguruko zer balorazio egin dezakezu?
Izugarria izan da. Iaz ia denboraldi osoa bigarren joan ostean hirugarren amaitu genuen, eta aurten gure helburua marka hori hobetzea zen. Hala, gure asmoa aurten lehen bien artean amaitzea zen, eta helburua luze bete dugu. Txarto ez banabil, errekorra ere bete dugu: bigarren sailkatuari inoizko abantailarik handiena atera diogu, eta horrek ere gure alde asko esan nahi du. Denboraldia dotore amaitzeko azken txanpa gelditzen zaigu, eta mailaz igotzen garen edo ez, orain ikusiko da. Igotzeko lehian dena emateko prest gaude, eta, horrenbestez, ez dut uste igoeraren atarian geratuko garenik. Ez bagara igotzen besteak gu baino hobeak izan direlako izango da.

Ondarroako arraunlariak Ondarroako banderagaz

Ondarroako arraunlariak Ondarroako banderagaz. Argazkia: Joseba Arrizabalaga / Ondarroa Arraun Elkartea

Errepasoa eginda, zein izan da aurtengo unerik gozoena?
Bilbon denboraldiko lehen bandera irabaztea oso berezia izan zen. Urte askoan banderarik irabazi barik geunden, eta horrek ilusio handia egin zigun. Bilbokoaz gain, herriko bandera irabaztea ere izugarria izan zen. 21 urteren ostean Ondarroako bandera irabaztea ez dugu luzaroan ahaztuko.

Eta gaziena?
Denboraldi erdian izandako zirkulazio istripua, dudarik barik. Furgoneta txiki-txiki eginda geratu bazen ere, istripua zirudiena baino arinagoa izan zen, eta azkenean, ez zitzaigun ezer txarrik gertatu.

Hilaren 17an eta 18an jokatuko duzue igoera fasea. Zeinen aurka ariko zarete?
Donostiarra (KAE 1eko bigarren sailkatua), San Miguel Ligako hamaigarren sailkatua eta oraindik zehatz ez dakigun Galiziako bi talderen aurka ariko gara.

Denboraldi osoan zale ugari etorri dira gu animatzera, eta igoera fasera begira ere, Bermeora eta Portugaletera ea jende asko etortzen den gu animatzera, zaleen animoak ondo etorriko zaizkigu eta.

Igotzeko aukerarik ikusten duzue?
Orain arteko maila berbera erakusten baldin badugu, San Miguel ligara igoko diren bien artean egoteko aukerekin ikusten dut geure burua. Denboraldi osoan zale ugari etorri dira gu animatzera, eta igoera fasera begira ere, Bermeora eta Portugaletera ea jende asko etortzen den gu animatzera, zaleen animoak ondo etorriko zaizkigu eta.

Igoera fasera begira, entrenamendu berdinak egiten ari zarete?
Neguan egin ohi ditugun entrenamendu motak egiten hasita gaude: pisuak gehiago altxatu, erritmo gutxiagoan denbora gehiago entrenatu… Igoera fasea hurreratzen ari den heinean, ostera, abiadura lantzen hasiko gara.

Jon Iriondo entrenatzailea eta arraunlariak, entrenamendua hasteko prest

Jon Iriondo entrenatzailea eta arraunlariak, entrenamendua hasteko prest

Kontxako estropada ere hor dago. Gaur [irailak 1] jokatuko duzue kanporaketa.
24 traineruk jokatuko dugu estropada, eta hortik denbora onena lortzen duten zazpiek izango dute Kontxan parte hartzeko aukera. Kontxan ez dugu ezer galtzeko, eta dena ematera irtengo dugu.

Arraunlari legez, hainbat aldiz parte harte duzu Kontxako estropadan. Zelako izango litzateke Ondarroagaz sailkatzea?
Sekulakoa izango litzateke. Orain arte lorpen handiak lortu baldin baditugu, hori hobea dela deritzot. Gaur egungo taldeak asko prestatzen dira, eta orain dagoen mailagaz lehia horretan sartzea ez da lan erraza izango, baina aukeraren bat edo beste ere badaukagula uste dugu.

Aurrera begira, zer asmo daukazu? Bertan jarraituko duzu?
Kontxako estropadan sartzen ahalegintzea eta mailaz igotzea daukagu orain buruan, eta gero ikusiko da. Ez daukat ezer erabakita. Izan ere, ez da bakarrik nire erabakia, familiakoekin ere berba egin beharra daukat.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*