Ondarroako Udaleko Euskara Sailak IV. Nanoipuin lehiaketa aurkeztu du. Euskara saileko arduradunek iragarri dutenez, lanak aurkezteko epea urriaren 13an amaituko da.
Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek lanak
mrey@ondarroakoudala.net helbide elektronikora bidali beharko dituzte, ezizen bategaz sinatuta. Era berean, Izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta telefono-zenbakia ere bidali behar dira. “Testua eta egilearen datuak, biak ala bidak, posta elektroniko berean bidaliko dira artxibategi erantsirik gabe”.
Lehiaketara, gehienez,
140 karaktereko luzera duten ipuin bina aurkeztu ahal izango ditu parte hartzaile bakoitzak. Hori bai, antolatzaileek aurreratu dutenez, parte hartzaile bakoitzeko bidalketa bakarra onartuko da. Ipuinen gaia, berriz, librea dela gaineratu dute.
Iazko Nanoipuin lehiaketako irabazleak Leire Bilbao epaimahaiagaz batera
Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrek osatuko dute epaimahaia, eta eurek aukeratuko dituzte ipuinik onenak, kontakizunik landuenak eta literatur baliorik handiena dutenak, hiru guztira.
Sariei dagokienez, lehenengo sariak 400 euro irabazteko aukera izango du, eta bigarrenak eta hirugarrenak, ostera, 200 eta 100 euro, hurrenez hurren. Epaia, ostera, urriaren 27an emango da Ondarroako Kofradia Zaharrean, 19:00etan,
Amuak egitarauaren baitan.
Lehiaketan parte hartzeko interesa daukatenek informazio gehiago jaso edota zalantzak argitzeko Ondarroako Udaleko Euskara Sailera jo beharko dute, 94-683 36 68 telefono zenbakira deituz, edo
mrey@ondarroakoudala.net helbidera idatziz.