Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideetarako Goi Komisionatuaren torturaren aurkako batzordeak Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarraren alde Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak aurkeztutako kexa onartu izana «oso garrantzitsua» dela esan dute Bilguneko ordezkariek. «Lehenengo aldia da NBEko batzordeak euskal preso baten aldeko kexa onartzen duena».
Iparragirreren osasun egoera kontuan hartuta, ondarrutarra kartzelan egotea eta mediku zerbitzurik ez jasotzea delitutzat jo zuen Torturaren Aurkako Profesionalen Bilguneak. Horren aurrean, otsailaren 19an estatu espainiarra salatu eta «kautelazko neurri» gisa eskaera bat aurkeztu zuten NBEko Torturaren Prebentziorako Batzordean. «Eskaera horretan Iparragirreren egoeran esku hartzeko eskatzen genuen», dio Gloria Feierabend Bilguneko mediku argentinarrak.
Gloria Feierabend: “Legeak dio Iparragirrek ez duela espetxean egon behar”
Feierabendek gogora ekarri du Iparragirre «hiltzeko arriskuan» dagoela, eta Espainiak ukatu egin diola zigorra etxean betetzeko eskubidea. Kautelazko neurri hori tramiterako onartzeaz gain, hura zabaltzeko beste eskaera bat ere egin du Bilguneak, pazienteak egokien jotzen duen sendagaia hartzearen ingurukoa. Izan ere, Iparragirrek uko egin zion espetxean ematen diotena hartzeari, kalte egiten ziola iritzita. «Espero dugu bigarren eskaera hori ere onartzea», gaineratu du Feierabendek.
Salaketaren oinarriak. Feierabend eta Iratxe Urizar Bilguneko kideek aurreratu dutenez, Espainia Torturaren Aurkako Hitzarmenaren sinatzaileetako bat da. Eta hain justu, Iparragirreren kexa tramitera onartu duen NBEren batzordeak hitzarmen horrek ezarritako neurriak urratzen dituzten kasuak aztertzen ditu. Beraz, Iparragirre kartzelan mantentzeko Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hartutako erabakia aztertzea batzorde horri dagokio.
NBEk tramitera onartutako kexa Bilguneak aurkeztu bazuen ere, Iparragirre bera da sinatzailea. «Legeak dio Iparragirrek ez duela espetxean egon behar», diote Feierabendek eta Urizarrek. «Salaketa Torturaren Aurkako Hitzarmenaren artikulu ezberdinetan dago oinarrituta –1, 2, 7, 10, 11, 12, 13, 14, 15 eta 16–. Artikulu horiek estatu espainolak egiten duenarekin oso kritikoak dira».
Joxe Mari Basterretxea (neurologoa): “Ibonen gaixotasuna eta kartzela bateraezinak dira”
Salaketa tramitera onartu dela eta salaketaren inguruko xehetasunak emateko, Bilguneko kideek agerraldia egin zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Eurekin batera egon ziren Joxe Mari Basterretxea neurologoa, Angelita Burgoa preso ondarrutarraren ama eta Gotzon Iparragirre presoaren anaia eta Iparra Galdu Baik plataformako kidea.
Neurologoa eta ama. Basterretxeak, esaterako, Iparragirreren gaixotasunaren inguruko azalpenak eman zituen: «Iparragirrek C-3 estadioan dauka Hiesa. Alegia, gaixotasun sendaezina da. Horren eraginez, leukoentzefalopatia multifokal progresiboa, nahasmendu kognitiboa, epilepsia krisiak eta Hies dementzia ere baditu. Ibonen gaixotasuna eta kartzela bateraezinak dira».
Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden beste presoen egoeraren berri emateko agerraldia, Donostian. Argazkia: Ander Perez /Berria
Presoaren amak, Iparragirre etxe kartzela betetzen zegoenetik gaur egunera arteko errepasoa egin zuen. «2011n 100.2. artikulua ezarri eta etxe kartzela erregimena ezarri zioten. Baldintza zorrotz guztiak bete zituen. 2014an, ostera, bilatze eta atxilotze agindua ezarri zioten, nahiz eta eskuturreko telematikoarekin guztiz kontrolatuta zeukaten. Basauriko kartzelan sartu zuten, eta handik hilabetera Navalcarnerora eraman zuten».
Presoak jasandako hainbat eskubide urraketa aipatzeaz batera, 2014ko azaroan Alcala-Mecora lekualdatu zutela gaineratu zuen Burgoak. «Osakidetzaren kontrolpetik kanpo gelditu eta erizaintza modulurik ere ez daukan kartzela batera eraman zuten». Halaber, azken 30 hileetan bost aldiz jipoitu dutela ere gaineratu zuen.
Gotzon Iparragirre (Iparra Galdu Baik plataforma): “Salaketa argentinarrek sartu dute. Zeren zain daude hemengo eragile politiko eta sozialak? Ibon hiltzeko zain?”
Behar beste mediku froga ez dizkiotela egiten, okerreko tratamenduak eman, Castro epailearen kontraesanak eta aldundiko gizarte zerbitzuek presoaren alabari kendutako dirulaguntza ere aipatu zituen Burgoak.
Kanpainaren xehetasunak. Horren guztiaren aurrean, eta Iparragirreren kasua bakarra ez dela gogora ekarriz, Gotzon Iparragirrek hemengo eragile politiko eta sindikalei dei egin zien. “Ibonen aldeko salaketa argentinarrek sartu dute. Zeren zain daude hemengo eragile politiko eta sindikalak? Ibon hiltzeko zain?”.
Gainera, abian dagoen
kanpainaren inguruko xehetasunak ere eman zituen. «Irailaren 30era arte interpelazio eta atxikimendu kanpaina bat dago martxan. Horrez gain, gaur [irailak 16] hasi eta domekara arte [irailak 18] barauladi bat egingo dugu Donostiako Egiako frantziskotarretan. Baraualdiak irauten duen bitartean, gainera, Donostian ere larriki gaixorik dauden presoen egoera salatzeko mobilizazioak egingo ditugu».
Azkenik, domekan, baraualdiari amaiera emateko ekitaldia egingo dugu, 17:00etan, frantziskotarren aurrean.
Ekintza horien guztien aurrean, herritarrei hurreratzeko eta informazioa jaso edota mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die Iparra Galdu Baik plataformak.