“Terroristak alkatearen aulkia hartu eta herritarren babesa jaso zuen udalbatza aretoan”. Esaldi horretxekin deskribatu du Covitek Andoni Gabiola
Toñua preso ohi lekeitiarrari barikuan [irailak 16] Lekeition egin zioten ongietorriko momentu bat. Toñua
alkatearen aulkian jartzea “terrorismoa goraipatzea eta terrorismoaren biktimak apaltzea” dela eta hori delitua dela gaineratu dute. Eta horregatik, hain justu, Lekeitioko Udala salatuko dutela iragarri dute.
Coviteren berbetan, preso ohi lekeitiarrak “Euskal Herriko kaleak odolez eta minez betetzen lagundu du”. Elkartearen arabera, politikariek ezin dute geldirik egon “moralik gabeko horrelako ekintzen aurrean”. Gainera, ekintza bera Lekeition egin izanak ere garrantzia duela azpimarratu dute. “ETAk Ignacio Montes Abad marinela, Juan Rodriguez Rosales udaltzaina eta Alberto Villena Castillo guardia zibila hil zituen Lekeition”.
Covitek dio, gainera, ETAren armagabetzea eta gero, Europan “erradikalen” aurka egitea lehentasuna den bitartean Euskal Herrian presoenganako enpatia nagusitzen dela. “Gaur egun, beste inor hiltzen ez dutenak ez direla arriskutsuak uste da, eta ondorioz, denak balio du”.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak Hitza-ri jakin eragin dionez, momentuz ez dute salaketa ofizialik jaso. “Udaletxera ez da ezer ailegatu”.
Preso ohiaren etorrera. Toñuak 36 urte egin ditu bere herritik kanpo. 1980an alde egin zuen, eta 16 urte egin ditu preso, lehen urteak Frantziako kartzeletan eta azken 14ak Espainiakoetan; Badajozen 12 urte bete ditu lekeitiarrak.
Andoni Gabiola eta senideak jendeak egindako pasillotik igarotzen udaletxerantz.
Zigorra osorik beteta geratu zen aske eguen goizean [irailak 15].
Eguen iluntzean Lekeitioara ailegatu zenean, ama bisitatzea izan zen egin zuen lehena, eta 20:15ean ailegatu zen Eskolapera senideek lagunduta.
[EGUEN ILUNTZEKO KRONIKA ETA IRUDIAK]
Orduan, herritarrak, lagunak… denak zituen zain. Eskolapearen inguruko bazter guztietako aterpeetan egon ziren euritik babestu nahian, baina Toñua ailegatu zenean bide erdira aterata egin zioten harrera. Sabino Arana hiribidetik jaitsi zen Eskolaperantz eta lagun eta herritarren berotasuna eta lore sortak jaso zituen.
Eskolapean elkartutako guztiak agurtu zituen Galarrena tabernarako bidean, eta bertan eskegita zegoen argazkia kendu zuen preso ohiak, herritarren txalo artean.
Hurrengo egunean, ostera, udaletxean egin zioten bigarren ongietorria. Eta hain justu ekintza hori da Covitek salatu duena.